Aitor Montes medikuak jasandako azken "erasoa" salatu du Aramaioko Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko aza. 21a, 16:15

Aitor Montes medikua artxiboko irudian.

Barikuan, azaroaren 17an, Aramaioko medikuak salatu zuen Arrasateko ospitaleko larrialdi zerbitzutik deia jaso zuela euskaraz lan egiteagatik kargu hartzen. Harrez gero bajan dago Montes, eta Aramaio medikurik gabe.

Barikuan salatu zuen gertatutakoa Aitor Montes medikuak, eta harrez gero bajan dago. Gaur, Aramaioko Udalak, adierazpena argitaratu du Montesi babesa erakutsi eta Aramaion ordezko medikua jartzeko eskatuz.

Euskaraz lan egiteagatik jazarpena

Euskaraz lan egiteagatik jazarpena jasan duela salatu izan du behin baino gehiagotan Aramaioko mediku Aitor Montesek. Pazienteen historia klinikoan "por favor en castellano" idatzi izan diote, eta, baita, euskaraz ez egiteko ingelesez eskatu ere. Azkeneko erasoa barikuan jaso zuen: Arrasateko ospitaleko larrialdi zerbitzuetatik deitu zioten ea zergatik idatzi zuen pazientearen historia klinikoan euskaraz, eta ingelesez erantzungo zuela mehatxatuz.

Aitor Montes bajan dago harrez gero. Sare sozialetan salatu du egoera eta zera eskatu dio Osakidetzari eta Debagoieneko ESIri: 

  • Ordezko medikua bidal dezatela Aramaiora.
  • Zuzendaritzaren adierazpen publikoa, euskaraz egiteko eskubidea babestuz eta jazarpena salatuz.
  • Langile horien idatzizko barkamen publikoa.

Aramaioko Udalaren adierazpena

Aramaioko Udalak, bere aldetik, babesa erakutsi dio Montesi ohar bidez: "Aitor Montes medikua bajan dago joan den ostiraletik, Arrasateko larrialdietako zerbitzuetatik jasotako deiaren ondotik, haren lana euskara ez zen beste hizkuntza baten egiteko exijitzeagatik. Ez da lehenengo aldia horrelako gertaera bat jasaten duela Montesek. Aramaioko Udalak salatu nahi du haren egoera eta gogorarazi zerbitzu publikoek euskararen erabilerari bide emateko betebeharra dutela, eta ezin direla onartu tankera  honetako jazarpenak gure berezko hizkuntza erabiltzeagatik. Udalak bere bideak jorratuko ditu Montesen egoera salatzeko eta bat egingo du  gertaera honen aurrean antolatuko diren ekintzekin. Egoera hau konpondu bitartean, haren ordezko medikua lehenbailehen ekartzeko ere lanean jarraituko dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak