'Reality' formatuan grabatutako mus txapelketan finalera iritsi dira aramaioarrak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko aza. 17a, 19:04

Elena eta Ana Arrizabalaga ahizpak.

Nafarroa Behereko Kanaldude telebista kateak antolatutako mus txapelketa batean hartu dute parte Ana eta Elena Arrizabalaga ahizpek. Finalera iritsi dira aramaioarrak.

Telebista kateak casting deialdia egin zuen Euskal Herrian edo diasporan bizi eta musean jokatzea maite dutenak bilatzeko. Mus-bikoteak telebista emankizun batean parte hartu behar zuen, eta herriko elkarte bat sustengatu. "2018an Arabako Mus txapeldunak izan ginen; bada, Arabako antolatzaileek esan ziguten Biarritzeko txapelketara joateko, eta pentsatu genuen esperientzia polita izan zitekeela", dio Ana Arrizabalagak. Hala, herriko Alaiak erretiratuen elkartearen izenean eman zuten izena, eta azaroaren 4an eta 5ean jokatu zuten txapelketa, Biarritzen.

Finalera iritsi dira

Reality formatuan grabatu zuten txapelketa: "Mahaiak telebista kamerak ditu azpian; kartak banatzerakoan, behera begira jarri behar genituen epaileak jasotzeko baimena eman arte. Kamerek kartak grabatzen zituzten eta kanpoan zegoen jendeak jokoa jarraitzen zuen". Lehenengo partida Gipuzkoako bikotearen aurka jokatu zuten, eta irabazi; bigarrena, Nafarroaren aurka: "2-0 galtzen joan ginen, baina 2-3 irabazi genuen". Hala, finalera iritsi ziren aramaioarrak: "Ezin dugu esan noren kontra jokatu genuen, ezta emaitza ere. Oraindik ez dute txapelketa telebistan eman; asmoa da Gabonen inguruan botatzea". Txapeldunak 3.000 euro irabaziko ditu eta txapeldunordeak 1.500 euro, bakoitzak aukeratutako elkarteari emateko. Arrizabalaga ahizpek diote ez zutela asko entrenatu elkarrekin, eta, gainera, txapelketa lau erregetara izan zela, eta eurek zortzi erregetara jokatzen dutela: "Gainera, hitz batzuk ere ezberdin erabiltzen genituen. Guk ba esaten dugu eta pasa esan behar genuen, adibidez".

Musean jokatzeko zaletasuna

2018an ikasi zuten musean, Roman Lopez Alemana-k erakutsita. "Musean ikasi eta hiru bat hilabetera atera genuen Arabako txapelketa. Alemana-ri deitu nion notizia emateko, eta negarrez hasi zen, pozez". Nabarmendu du bi ahizpen artean Elena askoz ere ausartagoa dela eta hordagoak samurrago botatzen dituela. Bi emakume musean jokatzen ikustera ohituta ez gaudela azaldu du, eta jendeak uste duela ez direla gizonak besteko indartsuak. Hala ere, Biarritzeko txapelketan, nafarren aurka jokatu ostean, gizon bat hurbildu zitzaien esatera ez zuela inoiz horrelako "joko politik" ikusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak