Herritarrek gogotsu hartu dute datorren barikuan jokatuko den Aramaioko kopla txapelketa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko aza. 9a, 20:00

Xabat Illarregi, iazko irabazlea.

Indartsu dator Aramaioko IV. Kopla Txapelketa, eta indartsu bezain gogotsu daude herritarrak; izan ere, azaroaren 17an egingo duten Kopla Txapelketako afarirako txartel guztiak agortu dira dagoeneko.

Hamar bertsolari arituko dira kantuan, eta Aramaion txapeldun izandako Xabat Illarregi eta Maider Arregi ez direnez aurkeztuko, txapelketak txapeldun berria izango duela esan daiteke. Kantuan ibiliko dira: Eneritz Artetxe azkoitiarra, Etxahun Lekue larrabetzuarra, Jexux Mari Irazu larrauldarra, Jon Mata antzuolarra, Maddi Ane Txoperena lesakarra, Maialen Akizu urretxuarra, Maider Altuna arrigorriagarra, Saioa Alkaiza iruindarra, Unai Anda zuiarra eta Unai Izagirre Attola azkoitiarra.

Bi zati izango ditu

Txapelketa bi fasetan jokatuko dute. Arratsaldean, Goiko taberna zegoen tokiaren parean elkartuko dira hamar bertsolariak. Trikitilariek lagunduta, kalean egingo dituzte lehenengo ariketak. Eskolako jangelan egingo den bigarren zatirako sarrera guztiak agortu diren arren, lehenengo fasea entzuteko ez da edukiera mugarik egongo. Hortaz, herritar guztiek izango dute koplez gozatzeko aukera. Musikariek lagunduta jokatuko dute bigarren fasea: afalostean hamar bertsolariak hasiko dira kantuan, eta bi sailkatuko dira buruz burukora. Aramaioko Bertso Eskolako kide Aitor Ugartek eta Olatz Zuazubiskarrek gidatuko dituzte bai kaleko saioa eta baita jangelakoa ere.

Udazkenean, berriro ere

Aurtengoa laugarren edizioa izango da. 2018an egin zuten lehenengo Kopla Txapelketa. Orduko hartan, Maider Arregi oñatiarra nagusitu zen; 2019an, Xabat Illarregi leitzarra; hurrengo bi urteetan ez zen txapelketarik jokatu, eta, iaz, berriro ere irabazi zuen Illarregik. Gainera, iaz, sasoiz ere aldatu zuten txapelketa. "Ekainean jokatu genuen, eta Dukienean izan zen finala. Bertso eskolaren partetik omenaldia eskaini nahi genien", azaldu du Xabi Igoak. Aurten, berriro ere udazkenean izango da txapelketa.

Koplak, neurri aldetik, bertsoak baino motzagoak izaten dira, eta horrek dakar bizkorragoak izatea, eta, ondorioz, sortzen den giroa dinamikoa izaten da. Bertsolariei dagokienez, aukeraketa anitza egin dute: "Gazteak egongo dira, eta beteranoak; emakumezkoak, gizonezkoak; eta herrialde guztietakoak. Anitza izango da saioa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak