Urteroko hitzordua izango dute bihar margolariek Aramaion

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko urr. 11a, 11:45

Iazko sari banaketa ekitaldia.

Euskarriak zigilatuko dituzte 08:30etik 10:30era bitartean, udaletxean, eta lanak entregatu beharko dira 13:30erako. Sari banaketa ekitaldia izango da 15:00etan gazteena eta 15:15ean nagusiena. Irabazleak 700 euro irabaziko ditu.

Urteroko zita izango dute bihar, urriaren 12an, margolariek Aramaion. 32. Kaleko Margo Lehiaketa egingo dute. Aurten aldaketa egongo da sariak banatzeko orduan; arratsaldeko lehen orduan izango da, hain zuzen, 15:00etan. Lehenengo umeen kategoriako sariak banatuko dituzte eta ondoren, 15:15ean, nagusien kategoriakoak.

Estilo libreko lehiaketa

Aramaioko lehiaketan edonork parte har dezake. 08:30etik 10:30era bitartean zigilatuko dituzte euskarriak udaletxean, egunean bertan. Margotzeko teknika eta estiloa librea izango dira. Margotzeko beharrezkoa izango duten guztia parte hartzaileek eurek eraman beharko dute. Gaiari dagokionez, librea izango da, baina Aramaioko udalerrian margotutakoak izan beharko dute, aire zabalean, egunean bertan; eta herriko irudietan oinarritu beharko dira. Lanak aurkeztu beharko dira sinatu barik, 13:30erako, Aramaioko udaletxean.

Sariak bi kategoriatan

Bi kategoria bereiziko dituzte sariak banatzerakoan. Alde batetik, 16 urtera artekoak egongo dira, 2007an jaiotakoak barne; eta, bestetik, 16 urtetik gorakoak. Sariak izango dira: nagusien kategorian, irabazleak 700 euro; bigarrenak, 500 euro; hirugarrenak, 400 euro; eta lehenengo aramaioarrak, 150 euro. Gaztetxoen kategorian, aldiz, sariak izango dira materiala erosi ahal izateko txartel formatuan. Lehenengo sailkatuak 150 euroko txartela jasoko du; bigarrenak 100 eurokoa; eta hirugarrenak 50 eurokoa. Parte hartzaile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du. Epaimahaiaren erabakiaren arabera sariak hutsik gera daitezke.

Erakusketa egingo dute

Lehiaketara aurkeztuko diren lanekin erakusketa egingo du Aramaioko Udalak: urriaren 20tik 22ra bitartean izango da erakusketa. Nagusien kategorian, saria jasoko duten lehenengo hiru margolanak Udalaren jabego izatera pasako dira, eta Udalak nahi duen erabilera eman
ahal izango die margolanei. Behin erakusketa amaitzen denean, gainerako egileek euren margolanak erretiratzeko modua izango dute, urriaren 30era arte. Margolanak jasotzen ez badira, Aramaioko Udalaren ondare izatera pasako dira.

Iazko ekitaldian Rikardo Azkargorta bergararrak irabazi zuen sari nagusia, Etxaguen auzoko ukuilu barruan egindako margolanarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak