Trantsizio energetikoaren aurrean kontzientzia hartzea helburu duen ekimena egingo dute Aramaion

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko ira. 21a, 18:00

Aramaioko kaleak, asteon.

Klima eta Energiaren astea egingo da EAEn irailaren 22tik urriaren 1era bitartean, Asteklima izenarekin; bada, Aramaioko Udalak ere bat egin du ekimenarekin eta hainbat ekintza antolatu ditu hurrengo egunetarako.

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako ekimenak herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea du helburu.

Hernaniko proiektua

"Gizarteak bizi duen energia eta klima krisiaren aurrean herritarrek kontzientzia hartzea nahi dugu", dio Gorbeialdeko Kuadrillako Ingurumen teknikari den Jon Toñak. Hala, 2019az geroztik Jaurlaritzak antolatzen duen ekimenarekin bat egin du Udalak. "Hiru ekintza antolatu ditugu herri mailan: hitzaldia, bizikleta tailerra eta antzerkia", gehitu du Toñak.

Barikuan, irailaren 22an, izango da lehenengo ekitaldia, 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Hernani burujabe proiektua aurkeztuko du Hernaniko alkate Xabier Lertxundik. "Herri mailan egindako dinamika aurkeztuko du: gaur egungo eredu sozioekonomikoari alternatibak bilatzeko egindako ahalegina", dio Toñak. Jendartea, zaintza, ingurumena, tokiko merkataritza... aztertu dituzte Hernanin eta ahalegin horren fruitua azalduko du. Proiektuaren xedea komunitatearen ongizatea lortzea izan da. Asmoa izango da solasaldia egitea hitzaldira joango diren herritarrekin: "Bidean izan dituzten zailtasunak azaldu eta han landutakoa Aramaioko errealitatera nola ekar daitekeen aztertuko dute". Bizikleta tailerra eta antzerkia datorren astean izango dira.

Egitarauko  gainontzeko ekitaldiak

  • Irailaren 28an Bizikleta tailerra egingo dute Bizente Goikoetxea plazan, 17:30ean. Gasteizko Vibike komertzioko teknikariak arduratuko dira tailerraz. Bizikleten oinarrizko mantentze lanak eta bigarren eskuko azoka egingo dute –bizikleta egoera onean salerosten dela bermatuko da–. Nork bere bizikleta eramateko aukera egongo da tailerra egiteko.
  • Irailaren 29an Organic antzerkia, eskolan izango da eskolako ikasleendako, 14:00etan. Modu dibertigarri batean, natura zaintzearen beharra erakutsiko diete ikasleei.
  • Gorbeialdeko Kuadrillak sare sozialen bidezko online lehiaketa antolatu du. Irailaren 25etik 30era bitartean izango da. Parte hartzeko @gorbeialdea jarraitu behar da Instagram, Facebook, X (lehen, Twitter) edo Whatsapp sare sozialetan. Aipatutako egunetan, egunero, galdetegi bat partekatuko dute sare sozialen bidez; galdetegiak bi galdera izango ditu, klima eta energiari buruzkoa bat eta Gorbeialdeari buruzkoa bestea. Bada, galderak erantzun besterik ez da egin behar lehiaketan parte hartzeko. Egunero sariak zozkatuko dira: 30 euroko bonua parte-hartzaileen artean eta 60 euroko bonua ondo erantzun dutenen artean. Bonu horiek Gorbeialdeko komertzioetan erabiltzeko izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak