Alberto Marcos eta Maialen Guridi, nagusi Aramaioko Rallysprintean

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko ira. 9a, 19:36

Aramaioko errepide ederretan zehar erakustaldia eman ondoren, bigarren urtez jarraian jantzi dute txapela Zumarragako Alberto Marcos pilotuak eta Zarauzko Maialen Guridi kopilotuak.

Motorren hotsaz eta abiaduraz gozatzeko egun aparta izan da gaurkoa, Aramaion. 43 auto eta 86 gizon eta emakume nor baino nor gehiago aritu dira landez inguratutako errepideetan, eta aurten, istripu handirik ez denez izan, zaleek ere gozatu ederra hartu dute, lau txandak azkar joan baitira, bata bestearen atzetik.

Lau txandak kontuan hartuta batzen dituzte denborak bukaeran, eta bigarren urtez jarraian, Alberto Marcos eta Maialen Guridi nagusitu dira. Bigarren postua Aitzol Apalantzarendako eta Iker Zunzunegirendako izan da, eta hirugarrena Mattin Villaresendako eta Alain Agirrerendako.

Debagoieneko hainbat pilotu eta kopilotuk parte hartu dute gaurko proban, baina gehienek ez dute zorte handirik izan. Aipamen berezia behar dute, hala ere, Oñatiko Monika Muñoz eta Naia Lasagabaster ama-alabek, urtebete ostean lehiaketara itzuli eta azkarrenak izan direlako euren kategorian.

Azpiko Racing elkarteak antolatutako rallysprinta "sekulakoa", "ederra", "gozatzekoa", "ikusgarria"... dela adierazi diete pilotuek eta kopilotuek GOIENAri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak