Dagoeneko kontzertuaren data jarrita dago: irailaren 23an izango da, Gasteizko Buesa Arenan. Sarrerak salgai daude uraberebidean.eus atarian. Papargorri abesbatzako zuzendari Larraitz Arriolabengoa pozik dago ekimenarekin, eta hala jakinarazi zuen joan den eguenean kultura etxean eskaini zuten Rock Eskola musikalean.
Abesbatzei aukera ematea
Lehenengo aldiz egingo dute Ura bere bidean ekimena abesbatza formatuan. "Mundu koralari aukera eman nahi zaio; Ura bere bidean ekimeneko kantuak abestuko ditugu, Fernando Velazquezek moldatuta", azaldu du Arriolabengoak. 2022ko ekitaldian abestutako abestiak kantatuko dituzte Buesa Arenan: 500 haur baino gehiago elkartuko dira, eta Papargorri abesbatzakoak 27 kide izango dira. Kantatuko dituzte, besteak beste, Izaroren Paris, Su Ta Garren Mari, EH Sukarra, Mikel Urdangarin, Gatibu, Bulego... Artista gonbidatu bat ere izango dela aurreratu dute antolatzaileek, baina oraindik ez dute izenik esan nahi.
Entseguak hasi dituzte
Papargorriko kideek dagoeneko badauzkate kontzertuko egitaraua eta partiturak; hala, entseguekin hasita daude. "Irailean izango ditugu hiru entsegu komun Buesa Arenan, eta, ondoren, kontzertu eguna", azaldu du Arriolabengoak. Zuzendariak nabarmendu du ahots bakarrera abestuko dutela haurrek, eta, alde horretatik, abestiek ez dutela zailtasunik izango; gainera, aramaioarren kasuan, abestiak euskaraz izatea ez da eragozpena izango.
Iaz jaso zuen Arabako Haur Federazioak Ura bere bidean ekitaldian parte hartzeko gonbidapena: "Fair Saturday inaugurazioan, Bizkaiko koruek parte hartu zuten, eta ikusteko gonbidapena jaso genuen, zer egin genezakeen ikusteko. Ikustera joan nintzen eta benetan harrituta geratu nintzen. Izugarria da". Kontzerturako joango diren ikusleek ere abesteko aukera izango dutela gaineratu du Arriolabengoak.
"Opari hutsa da"
Papargorrirendako eta Papargorriko kide diren gaztetxoendako ekimenean parte hartzea "oparia" dela dio Arriolabengoak. 6 eta 18 urte bitarteko gaztetxoek parte hartuko dute kontzertuan.