Musika eskaintza zabala izango dute San Martin jaiek. Herriko gaztetxoen Rock eskola musikala izan zuten atzo, eguena, jaien aurrerapen moduan. Gaur, ordea, jaietako plater nagusienetako bat izango dute txosnagunean: hainbat herritarrek urteetan eskatutakoari kasu eginez, Zopilotes Txirriaos taldeak joko du txosnagunean, eta baita MCD taldeak ere.
Herritarren aurrean
MCD taldeak irekiko du gaueko kontzertua, 23:00etan. 80ko hamarkadan indarra hartu zuen taldeak beste etapa bat hasi du; bada, etapa horretan bi aramaioar daude: Asier Robledo bateria-jotzailea eta Unai Etxenausia abeslaria. "Gogotsu gaude lagunen aurrean jotzeko. Beti da berezia herrian jotzea, eta, gainera, oraingoan talde mitiko batekin etortzea, ba, bereziagoa izango da", dio Etxenausiak. Pozik eta gogotsu egingo dute emanaldia MCD taldeko lau kideek. "Ordu eta laurden inguru iraungo du kontzertuak. MCD ezagutzen dutenek abestiak jarraitzeko aukera izango dute, eta baita kontzertuaz gozatzeko ere". Otsailean hasi zuten MCDren bira; ordutik hainbat tokitan jo dute, eta orokorrean "oso erantzun ona" izan duela dio Etxenausiak. Uda lasaia aurreikusten dute: Arrasateko Makatzenako kontzertua dute, oraingoz, agendan. MCDren ondoren etorriko dira Zopilotes Txirriaos taldearen doinu dantzagarriak.
Zapatuko eskaintza
Bihar, zapatua, doinu dantzagarriak izango dituzte plazan, Joxe Mendizabal musikariarekin. Betiko trikitia, kalejirak eta zortzikoak joko ditu Mendizabalek, gaur egungo eta garai bateko musikarekin uztartuta. 20:00etan dantzaldia egingo du eta 22:30ean, erromeria. Txosnagunean, aldiz, bestelako kontzertuak egingo dituzte. 23:00etan hasita, Eire, Etxepe, Mutiko, Tatta eta Denso musikariak igoko dira taula gainera; doinu elektronikoekin girotuko dute gaua. Astelehenean, jaiak amaitzeko, Orkestra elektrotxarangak animatuko ditu herriko kaleak. 20:00etan hasiko dute animazioa, eta herri afariaren ostean gaua girotuko dute. Jaiak dantzan amaitzeko aukera izango dute.