Udalbatza berriak ekainaren 22an egin zuen lehenengo osoko bilkura. Besteak bestek, antolakuntza berria zehaztu eta onartu zuten. Iban Herrarte alkatearen ordezkoak onartu zituzten: Libe Ramila, Martin Arriolabengoa eta Iker Ezpeleta izango dira ordezkoak, hurrenez hurren.
Gainera, izendatu zituzten udal talde politikoen bozeramaileak: EH Bilduren bozeramailea Amaia Pavon izango da eta EAJrena Alberto Amenabar.
Zazpi batzorde
Orain arte izan dituzten zazpi batzordeekin jarraituko dute hurrengo lau urteetan: ogasuna, antolaketa eta funtzionamendua; kultura eta kirola; euskara eta hezkuntza; gizarte ongizatea; ingurumena-basoak; hirigintza-auzoak; eta, zerbitzuak. Oraindik ez dituzte zehaztu zeintzuk izango diren batzordeburuak; zehaztu zuten hiru kidez osatuta egongo direla, EH Bilduko bi kide eta EAJko bat.
Alkatearen ordainsaria
Onartu zuten alkatearen ordainsaria izango dela 43.258,44 eurokoa, 14 ordainsaritan banatuta. Alkatearen dedikazioa izango da udal langile publikoen lanaldi osoa.
Osoko bilkuren maiztasuna ere zehaztu zuten: orain arte moduan, hileko azken eguenean egingo dute osoko bilkura, 19:00etan. Alkateak ahalmena izango du beharraren arabera bilkuraren eguna aldatzeko; eta, baita, ez ohiko bilkurak deitzeko ere. Hilero egingo dituzte osoko bilkurak, uztailean eta abuztuan izan ezik.