Ilusioz gainezka dator Bea Asurmendi herritarren aurrean egingo duen kontzertura

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko eka. 23a, 12:00

Bea Asurmendi Quintet.

Bea Asurmendi musikari aramaioarra taldearekin etorriko da Euskal Herrira, lehen aldiz. Aramaioko Azkoaga auzoan egingo dute kontzertua, bihar, 19:30ean. Domekan, Donostiako Miramar Jauregian joko dute, 18:00etan, Musika Parkean jaialdian.

Orain dela urte batzuk, maleta hartu eta Londresera bizi izatera joan zen Bea Asurmendi musikari aramaioarra; profesionalki hazi eta hezi, horiek ziren ametsak. Bada, urteekin, profesionalki bakarrik ez, pertsonalki ere hazi da. Londresko Guildhall School eskolan ikasitakoak etxekoen aurrean erakutsiko ditu bihar, Azkoagako San Juan jaietan. Taula gainera igoko dira boskote formatuan: Bea Asurmendi, ahotsa; Giovanni Cresseri, baxua; Gianluca Corona, gitarra; Milena Granci, pianoa; eta Filippo Galli, bateria. "World music-a, jazza eta folka fusionatzen dituen euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko abesti propioen bilduma aurkeztuko dugu", azaldu du Asurmendik.

Euskal Herrian

Bea Asurmendi Quintet formatuan lehen aldiz joko dute Euskal Herrian. Azkoaga auzoko jaietan izango da lehen emanaldia, zapatuan, 19:30ean; eta, horrez gain, Donostiako Musika Parkean jaialdian ere izango dira, Miramar jauregian, domekan, 18:00etan. "Euskal Herriarekin lehenengo hartu-emana izango dela esan genezake; negurako bira luzeagoa prestatzen ari gara, diskoaren aurkezpen bira ofiziala izango dena", dio Asurmendik. Ilusioz gainezka datorrela dio, eta biharko emanaldia hunkigarria izango dela nabarmendu du. "Duda barik, oso berezia izango da; etxean nire musika jotzen dudan lehen aldia izango da". Etxean eta etxekoen aurrean; musikarekin lehen kontaktua izan zuen jendearen aurrean, eurentzat eta eurak gogoan dituela. Hunkigarria izango da, bai; eta baliteke taula gainean sorpresaren bat egotea.

Diskoa eta master amaiera

Diskoa grabatu berri dute; orain, diskoak argia ikusi arteko prozesuan lanean dabiltzala dio: "Hasierako ideia diskoa udan kaleratzea zen, baina konturatu nintzen horretarako presaka ibili behar genuela; beraz, argitaratze data atzeratzea nahiago izan dut, nire lehentasuna diskoaren sormen prozesuaz gozatzea delako. Behar eta merezi duen denbora eta mimoa eman nahi diot, abesti hauek oso bereziak dira-eta niretzat". Ikasketak ere amaitzear ditu: martitzenean dauka master amaierako errezitaldia: "Ez dut gezurrik esango, oso gogorra eta nekagarria izan da batzuetan. Baina, balantzan jarrita, duda barik, merezi izan du. Erronka aberasgarria izan da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak