Uztaileko Gazte Uda! egitaraua prest dute Udalak eta Txirritola Euskara Elkarteak. Bi eskaintza mota antolatu dituzte: batetik, 12 urtetik gorakoendako Musika eta Artea udalekuak egongo dira. Uztailaren 10ean, 11n, 12an eta 13an abesti bat sortuko dute Pello Heriz eta Mikel Arriaran dinamizatzaileekin; 10:00etatik 14:00etara izango da, kultura etxean. Sortutako abestiaren irudi-diseinua sortu eta serigrafia egingo dute Edur Kortabarriarekin eta Beñat Zalakainekin; uztailaren 14an eta 15ean, Sastiñan.
Beste eskaintza Natura eta Lagunartea izango da: uztailaren 6an eta 26an hondartzara txangoa egingo dute; uztailaren 18tik 20ra ekintzak, arratsaldeetan; eta uztailaren 21ean eta 22an Albinara joango dira. Izena eman daiteke uztailaren 4ra arte, udaletxean. Hain zuzen, eskaintza bakoitza 40 euro da; eta, txangoak bakarrik, 10 euro irteera bakoitzeko.