Aramaioko EH Bilduk oharra plazaratu du domekan jaso zuten babesa eskertzeko: "Lerro hauen bidez, Aramaioko EH Bildu osatzen dugunok eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu zuen babesagatik. Orain dela hilabete batzuk hasi, eta ondoren jarraitutako bide gorabeheratsuan, mugarri bat izan zen igandea guretzat". Emaitzak baloratzerakoan, irakurketak hausnarketarako bidea dakarrela gehitu dute: "Hauteskunde-emaitzen irakurketa osoak hausnarketarako bidea ere badakar, noski".
Udalbatza aldatu egingo da Aramaion, eta aldaketa horretatik Udala indartutako aterako dela diote: "Argi daukagu: Aramaio herri ikuspegitik eraikitzen jarraituko dugu, eta zuei esker da horrela. Lan berriak datozkigu orain. Legealdi bat amaitu eta berri bat hasiko da, eta udalbatza aldatu egingo da goitik behera. Orain arte lanean jardun dutenen eta etorriko direnen arteko zubi-lanetan gabiltza, eta ez dugu dudarik udala indartuta aterako dela prozesu horretatik. Azken urteotako balorazioak eta aurrera begira ditugun erronkek ere zerikusia izango dute horretan. Aurrera begira, ateak zabalik jarraitzen dugu. Bitartean, berriro ere, eskerrik asko denoi!".