Ikasturtea amaitzeko gutxi falta da, eta, amaiera ona emateko, eskolako jaia egingo dute bihar. Urtero egiten duten moduan, ekintza solidarioa izango da biharko jaialdia. Aurten, Ir a kurrin kurrin ekimenean parte hartu zuen Bergarako Ndank Ndank elkartea lagunduko dute. Hain zuzen, batutako dirua bideratuko dute Senegalen plastikoa egoki birziklatzeko sortutako proiektu batera; izan ere, plastikoarekin arazo handia dute Afrikako herrialdean.
Eguna hasiko dute plazatik eskolara egingo duten kalejirarekin. 10:30ean elkartuko dira, plazan, eta buruhandien laguntzarekin egingo dute kalejira. Ondoren, LHko 6. mailakoek pregoia irakurriko dute, eta, modu horretan, jaiari hasiera emango zaio. Eskola inguruan hainbat gune izango dituzte, eta gune bakoitzean askotariko jolasak egiteko aukera izango dute; adibidez, eskulanak, Afrikako eskulanak, pintxoak, slackline-a...
Ekintza solidarioa
Ndank Ndank elkarteak Senegalgo Dionewar eskualdean duen kulturgunea sinbolizatuko dute, eta, horretarako, sortuko duten eraikin bati plastikoak itsatsiko dizkiote. Bazkaria ere egingo dute: 100 lagun inguru elkartuko dira, eta familiek eramango dute jana. Arratsalde partean jolasak izango dituzte.
Arabako Eskola txikien topaketa
Gaur, eskola txikien topaketa Aramaixo Herri Eskolako ikasleak eta irakasleak Maeztura joango dira gaur, Arabako Eskola txikin topaketara –2 eta 3 urtekoak Aramaion geratuko dira–. Jolasak egingo dituzte beste eskoletako ikasleekin batera.