Eguzkierripa Rock jaialdia egingo dute bihar Andra Mari ermitan. Urteetan egin izan duten formatuari buelta bat eman, eta aurten jaialdia bestelakoa izango da: iluntzera mugatuko dituzte musika emanaldiak. Iaz, esaterako, bazkaririk ez zuten egin, baina kontzertuak barikuan eta zapatuan izan ziren.
XIV. aldia
Hamalaugarren edizioa 21:00etan hasiko da, eta, betiko moduan, rockaz gozatzeko aukera paregabea izango da. Aramaioko El Exterminio de la Raza del Mono taldeak zabalduko du jaialdia; punk-rock doinu gogorrak eskainiko dituzte. Rebel Noise gazteak Talde beteranoak talde gaztetxo bati pasako dio lekukoa. Aramaioko, Arrasateko eta Oñatiko gaztez osatutako Rebel Noise taldeak Infernuko ateak diskoaren kantak eroango ditu Andra Marira. No Somos Cicatriz, Arrasateko punk-rock belaunaldi gaztea batzen duen 112 musika taldea eta Rodeo zestoarrak ere izango dira Eguzkierripa Rock jaialdian.
Anboto kanpoaldeko kontzertuak
Eguzkierripa egunari bestelako ukitu bat emateko gogoz, rock kontzertuak antolatu dituzte Anboto tabernan. Rock n' Bermut ekimena antolatu dute biharko. 12:30ean hasita bi kontzertu egingo dituzte tabernaren aurrealdean. Trumans eta Iluminatizz taldeak izango dira musika jarriko dutenak. Lehenengo taldea punk doinuak lantzen hasi zen orain dela sei urte, eta, egun, blues ukituak sartu dituzte euren abestietan. Arrasateko, Oñatiko eta Bergarako kideak dituen taldea da. Bigarren taldea Iluminatizz izango da. Aretxabaletako eta Otxandioko taldea. Rocka egiten duen taldea zapatu eguerdia girotzeko gogoz irtengo da oholtzara. Anbotoko arduradun Jon Limak azaldu du ogitartekoak eta edatekoa jarriko dituztela salgai, 6 euroren truke.