Arabako bertsolari gazteek Eskolarteko finala jokatuko dute bihar Aramaioko Kultur Etxean, 19:30ean. Maiatzaren 4ean eman zitzaion hasiera txapelketari, eta bihar finalarekin amaituko da. Aurten, Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak hogeita zortzi urte bete ditu, eta guztira, hamabi gazte aritu dira kantuan bi kanporaketatan; Gasteizen izan dira biak. Hasiera baten, bigarren kanporaketa Kanpezun jokatzekoa zen maiatzaren 12an, baina azken unean bi bertsolarik autoan izandako arazo batengatik eguaztenera atzeratu behar izan zen bigarren kanporaketa. Hala, biharko finalean hiru ordezkari debagoiendar egongo dira.
Hiru aramaioar finalean
Bi kanporaketa jokatu dira finaleko seikotea osatzeko; hiru aramaioarrak dira eta beste hirurak gasteiztarrak. Aramaiorrak dira Iraide Onaindia, Sabin Abarrategi eta Gari Arexolaleiba.
Finalerako bidea, esan bezala, Gasteizen gauzatu da. Gasteizko gaztetxea izan zen lehen kanporaketaren testigu, orain dela bi aste, maiatzaren 4ean. Han aritu ziren kantuan Irati Martinezen aginduetara sei gazte, tartean, Iraide Onaindia. Saio alai eta dibertigarren baten ondoren, finalerako txartela eskuratu zuen Onaindiak, Hegoi Amabizkak eta Maddi Agirre gasteiztarrekin batera.
Bigarren kanporaketa, aldiz, eguaztenean jokatu zen Gasteizko Amaia zentroan. Beste sei bertsolari aritu ziren lehian, nor baino nor gehiago. Janireren gidaritzapean, bertso ederrak eskaini zituzten bertaratu ziren hogei bat ikusleei. Seitik hiruk lortu zuen finalerako pasea, eta tartean izan ziren Gari Arexolaleiba eta Sabin Abarrategi aramaioarrak.
Saria, potoloa
Honela, bihar Aramaioko Kultur Etxean jokatuko den finalean hiru aramaioarrek izango dute sari potoloa dastatzeko aukera. Sei arituko dira final handian, baina soilik bik dastatuko dute loria. Izan ere, garaile irtetzen diren txapeldun eta txapeldunordeak ekainaren 3an jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko txapelketan arituko dira, Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolarteko txapeldunekin batera. Gainera, finala aprobetxatuz, Arabako bertsozale gazteen topaketa egingo da ekainaren 2, 3 eta 4ean Abadiñoko Murueta baserrian. Topaketan parte hartzeko bi bide daude; telefonoz 945 01050 telefonora deituz edo araba@bertsozale.eu helbide elektronikora idatziz. Bihar amaituko da izena emateko epea.
Hona hemen biharko finaleko kartela: