Biolin soinuarekin eta umorearekin zabalduko dute Aramaioko Musika Astea

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mai. 17a, 11:43

Sokaire bikotea.

Musikaren doinuetan eta musikaren historian barneratzeko aukera eskainiko du aurtengo Aramaioko Musika Asteak. Gaur ekingo dute jaialdia: 18:30ean izango da kontzertua, Sastiñan.

Aurtengoa zortzigarren aldia izango da, eta ekintzaz beteta dator. Gainera, umoretik ere izango du aurtengo jardunaldiak. Musika Asteko lehenengo ekitaldia gaur, eguaztena, izango da: Itsaso Diezek eta Noemi Santamariak osatzen duten Sokaire bikoteak musika klasikoaren historian zehar bidaiatzera gonbidatuko du entzulea, umore puntuarekin. Bikoteak biolina izango du oinarri: instrumentu akustikoak eta elektronikoak izango dituzte, eta, modu horretan, musika klasikoaren askotariko garaiak errepasatuko dituzte. Emanaldi pedagogiko antzeztu berezian euren errepertorioa interpretatuko dute, loop-ak eta oinarri elektronikoak erabiliz.

Joserra Rodrigo

Joserra Rodrigo musikazale bilbotarrak Poetas del rock solasaldia egingo du maiatzaren 19an, barikua. Rodrigo ez da kazetaria, ezta musikaria ere; lanbidez abokatua da, baina 2008an musikari buruzko blog bat sortu zuen: diskoak, artistak, emanaldiak... aztertzen ditu Rockrodriland blogean. "Diapositibak, musika, poemak.... rockaren historian barneratuko gara harekin", azaldu dute Musika Asteko antolatzaileek.

Herriko musikariak

Urtero moduan, Musika Asteak artista profesionalak izaten ditu, baina baita etxeko artista eta musikariak ere. Izan ere, horixe izaten da jardunaldi horien funtsa: musika eskolako ikasleek urtean zehar egindako lana jendaurrean erakustea. Bada, musika ikasleen emanaldia maiatzaren 25ea izango da, kultura etxean. Taldeak sortuko dituzte eta ikasturtean zehar landutakoa erakutsiko dute jendaurrean. Bestalde, Alaiak erretiratuen kantu tailerreko ikasleek urtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute Sastiñan. 18:00etako emanaldiaren aurretik eguneko zentrora joango dira, hango erabiltzaileendako abestera; ondoren, kalejira egingo dute Arantzazu soinu-jolearekin. Antolatzaileek musikaz gozatzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak.

Egitaraua

  • Maiatzak 17, 18:30ean, Sastiñan, Sokaire bikotea; Klasikoen ibilbide umoretsua.
  • Maiatzak 19, 18:30ean, Sastiñan, solasaldia Joserra Rodrigorekin.
  • Maiatzak 22, 18:30ean, Kultura Etxean, Enio: El maestro dokumentala.
  • Maiatzak 23, 18:00etan, Sastiñan, Alaiak kantuan emanaldia.
  • Maiatzak 25, 18:00etan, Kultura etxean, ikasleen kontzertua.
  • Maiatzak 26, 19:00etan, Parkean, Erromintxelak, Gipsy swing kontzertua.
  • Maiatzak 28, 18:30ean, Kultura Etxean, Ikusiz Gozatu zinema: Elvis.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak