Maiatzaren 20an, Gasteizen, manifestazio nazionala egingo dute Euskal Herrian egiten ari diren hainbat proiekturen aurka. Bada, Gasteizen egingo den manifestazioarekin bat egingo du Eva Fjellheim ikerlariak, ekintzaileak eta Sami Kontseiluko kideak. "Kaltetutako komunitateekin elkartasun sareak ehuntzeko", izango da Euskal Herrian.
Aukera aprobetxatuz bi topaketa egingo dute: Azpeitian hilaren 17an, eta Aramaion hilaren 18an. "Helburua, inposatutako energia trantsizioaren kontra, eurek kolonialismo berdea deitzen dutena, Sami herriaren borroka esperientzia partekatzea izango da. Sami herriak funtsezkotzat dauka aliantza horiek ehuntzea,Txilen Statkraft bera bultzatzen ari den zentral hidroelektriko baten aurka ari den Maputxe herriarekin aspaldian egiten ari den moduan", diote antolatzaileek.
Sami herria
Sami herriak denbora darama bere bizimodu tradizionala kolokan jartzen duen megaproiektu eolikoen aurka borrokan. Hain zuzen ere, 2021eko urriaren 11n, Norvegiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen, besteak beste, Statkraft enpresa egiten ari zen Fosen Vind zentrala osatzen duten sei proiektutatik bik Fovsen Njaarkeko sami elur-orein artzainen eskubideak urratzen dituela. Epaia irmoa izan arren, aerosorgailuak ez dira eraitsi; are gehiago, normaltasun osoz ari dira funtzionatzen. Ondorioz, 2023ko otsailaren 23an, gazte sami batzuek Petrolioaren Ministerioaren egoitza okupatzea erabaki zuten, poliziak kanporatu zituen arte.