'Uda bat Senegalen' liburua oinarri hartuta irakurzaletasunaz gozatuko dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mai. 5a, 09:50

2019ko irakurraldiko irudia.

Ir a kurrin kurrin saioa izango dute gaur, 19:00etan, eskolako aterpean. Pareo edo zapi koloretsua, afarirakoa katilua eta kuxin bat eramateko eskatu dute. 

Urtero egiten den ekimena da, baita eskolako komunitateak gehien maite duenetarikoa ere. Irakurzaletasuna eta elkarbizitza sustatzea eta bultzatzea dira Ir a kurrin kurrin ekimenaren helburu nagusiak. Bada, gaur elkartuko dira berriro ere liburuen eta mahaiaren bueltan, hamalaugarren aldiz: eskolako patioan dute hitzordua, 19:00etan. Helburu nagusiez harago, ekimenak baditu beste helburu batzuk ere; besteak beste, ondo pasatzea. "Liburu polit bat irakurri, irakurritakoari buruz solasaldia egin eta, noski, afaria eta jaia". Horrela adierazi dute eskolako arduradunek zer den Ir a kurrin kurrin.

Liburuaren interpretazioa

Gaurko ekitaldian parte hartzeko liburua irakurrita izatea edo, gutxienez, pasarte bat irakurtzea eskatu dute. Izan ere, solasaldia egingo dute Uda bat Senegalen liburua oinarri hartuta. Irakurketarekin gozatu ondoren, partaide guztien artean liburuaren esanahia eraikitzea izango da xedea; horretarako, argudiatzen ikastea, balio positiboak lantzea eta elkarrekin une gozoak bizitzea ezinbestekoa izango da. Antolatzaileek nabarmendu dute interpretazio guztiak balekoak direla: "Irakurritakoa abiapuntu, solasaldietan partaideek gogoetak, zalantzak, interesak, eztabaidak... azaleratu ditzakete. Gogoeta eta interpretazio guztiak balekoak dira eta testuaren zentzua aberasten dute".

Eraman beharrekoa

Gaur izango dute hitzordua, 19:00etan, eskolako aterpean. Jaialdi senegaldarra izango dute, eta, horretarako, hainbat material eraman beharko dute parte-hartzaileek: pareo edo zapi koloretsu bat, afarirako katilu bat eta irakurraldirako eta afalosterako kuxin bat. Horrez gain, ondo pasatzeko gogoa eta afaritarako prestatutakoa jateko goseak joatea eskatu dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak