"Triste gaude eta ez dugu ulertzen gertatutakoa", adierazi dio Goienari Errez kooperatibako kide Iñaki Etxebestek. Hala ere, aste bukaeran gertatutakoaren aurrean "babestuta" sentitu direla nabarmendu du Etxebestek.
Domeka goizean jakin zuten autoari eraso ziotela: "Autoa aparkatzen dugun tokitik 200 metrora bizi gara. Abisatu ziguten autoaren kristal guztiak apurtuta zeudela". Bi urte besterik ez ditu autoak; hori horrela, seguruak estaliko ditu kalteak. "Kalte handiena autoa geldi edukitzea izango da, ezin mugitu ahal izatea lanerako", gehitu du Etxebestek.
"Kooperatibaren aurka propio egindako erasoa"
"Norbaitek autoaren kristal guztiak txikitu ditu asteburuan: leihatilak, aurreko eta atzeko kristalak, faroak, atzerako ispiluak… baita kristalak garbitzekoak ere. "Uste dugu Errez-en kontra propio eginiko ekintza dela hau, inguruan zeuden kotxeek ez baitute inongo kalterik jaso", adierazi dute ohar bidez. "Bost urte pasa dira bestelako basogintza eredu baten aldeko bide hau hasi genuenetik, ilusioz, bertako basoak berreskuratzeko eta berauek modu jasangarrian ustiatzeko helburuari helduz. Ezagutzen gaituenak badaki Errez bezalako proiektu txiki bati kalte handia egin dakiokeela dituen baliabide material apurrak suntsitzeak", gaineratu dute.
"Tristura izugarria sortzen digu honek guztiak. Etsigarria da. Oso gogorra. Baina, aldi berean, duela bost urte hasitako bide honetan berresteko beharra ere azpimarratzen digu. Beraz, zalantzarik ez izan, lanean jarraituko dugu", esan dute.
Errez kooperatibako kideek eskerrak eman nahi dizkie babesa erakutsi dieten guztiei.