Eolikoen inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeko bilera informatiboa deituko du Udalak otsailean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko ots. 1a, 09:30

Bilera horren bitartez herritarren iritzia jaso nahi da.

Urtarrilaren 26an egin zuten ohiko osoko bilkura udaletxean. Lierni Altuna alkateak, galdera eskaeren tartean eolikoen gainean hitz egin zuen eta otsailean bilera ireki bat egitekoak direla esan zuen. Hain zuzen, azken ohiko osoko bilkuran EAJk egindako galdera erantzun zuen alkateak. "Arlo honetan galdera zuzen asko zuzentzen zaizkit alkate gisa, baina talde moduan erantzungo dut. Energia berriztagarriak ezinbestekoak dira, eta baita eredu aldaketa bat, ahalik eta mundu txukunena uzteko [...]. Bestalde, gure udalerritik kanporako estrategian ez da kontuan hartzen herri txikien errealitatea. Aramaion egin nahi den parke eolikoaren inguruan sortu den saltsaren aurrean eta ikusita legealdi amaieran gaudela, uste dugu ez Aramaiori eta ezta aramaioarrei ere ez digula onurarik ekarriko gure gainetik dagoen bai-ez joko mediatikoan sartzea. Horregatik, eta aurrez adierazi dugun moduan herritarren iritzia jasoko dugu ahalik eta finen eta hori izango da udal honen iritzia. Horretarako, otsailean bilera bat deituko dugu informazioa eman eta herritarrek falta duten informazioa zein den jasotzeko; eta, iritzia jasotzeko prozesua nola egingo dugun azalduko dugu. Zentzu horretan zuei ere bidaliko zaizue deialdia. Zentzu horretan, EH Bilduk beste leku batzuetan esan duenaz ez gara sartuko. Guk dakigula ez du inon esan alde dagoenik [...]. Azken galderari dagokionez, udal honek, gainontzeko gauzetan bezala, tramitazioa legeak dioenaren arabera egingo du. Hala ere, jakin, honetan ere horrenbeste lege aldaketa dagoenez, besteak beste, Tapia legeak udal eskumenak murriztu zituen; berriro ere, gure baliabide urriak erabili behar izaten gabiltzala tramitazioaren nondik norakoak abokatuaren argitu nahian".

EAJko zinegotzi Pedro Elosegik erantzun zuen: " Mediatikoa da hedabideetan dagoelako baina egin beharreko gauza bat da eta iritzi bat udaletxe bezala hartu behar dugu, nahiz eta mediatikoa izan; baina, errealitate osoa da hori eta arazo bizia da. Ondo iruditzen zait otsailean bilera bat egitea baina gero emendatu behar da iritzia", eta gaineratu zuen: "Tapia legeari buruz diozunaz ez nago ados. Legebiltzarrean hartutako eta onartutako legea da. Guztien eskumenak adosteko hartutako legea da. Txosten teknikoak daude eta nik uste dut horiei kasu egin behar diegula".

Udal langileen ordainsaria

Ohiko bilkurako gaiei dagokienez,  urtarrileko osoko bilkuran, udal langileen ordainsarien igoera onartu zuten. Eudelek proposatutakoa oinarri hartu eta %2,5eko igoera onartu zuten, aho batez. Horrez gain, urte amaieran, BPGaren datuen arabera beste %0,5 igotzeko aukera ere onartu zuten. Horrez gain, 2020an idatzitako baso kudeaketa plana ere berrestu zuten, aho batez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak