Espainiako Txapelketara "disfrutatzera" doa Nahia Garcia

Mireia Bikuña 2023ko urt. 13a, 12:00

Euskadiko kadete mailako ziklo-kros txapeldunaren maillota jantzi zuen 2022ko azken egunean Nahia Garcia Bidaburuk, eta Arabako txapeldunarena urtarril hasieran. Euskadiko maillotarekin lehiatuko da asteburuko Espainiako txapelketan, Vic-en (Bartzelona). Kadete mailako proba bihar, zapatua, jokatuko da, 15:00etan, emakumezkoen master mailakoekin batera.

Espainiakoan parte hartzen duten maila guztietako ziklistek ibilbide berbera dute proba egiteko: 3.000 metrokoa, hain zuzen. "Ez daukat helburu zehatzik. Garbi daukat oso gogorra izango dela. Espainiako Txapelketarako txirrindulari onenak sailkatzen dira eta lehia handia egoten da. Baina ahalik eta gehien disfrutatuko dut", esan dio GOIENAri, Katalunia aldera abiatu aurretxoan.

Denboraldi ederra

Espainiako Txapelketan egiten duena egiten duela, ziklo-kros denboraldiari ginga ipiniko dio aramaioarrak. Abadiñoko, Ametzagako eta Elorrioko probak irabazi ditu 15 urteko aramaioarrak. "Banekien denboraldi ona egiteko aukera handiak nituela. Indartsu ikusten nuen neure burua eta horrek aukera ematen zizkidan aurreko postuetan ibiltzeko; egia esan, pozik nago".

Euskadikoan nagusi

Denboraldian zehar indartsu egon den adibide da Tolosan jokatuko Euskadiko Txapelketan egindako erakustaldia. Ez zuen aurkaririk izan. Lehenengo itzulietan, Irati Aranguren Carbaieda eta Maier Olano Arozena aramaioarraren erritmoari eusteko gai izan ziren, baina Garciak erritmoa igotzea erabaki zuenean aurkariak atzean utzi zituen eta bakarrik heldu zen helmugara. "Ibilbide nahiko gogorra zen, aldapa batzuk zituelako. Baina nire erritmoa mantentzeko gai izan nintzen, hasieratik bukaerara".

Gero, errepidea

Ziklo-kros denboraldia bukatzen denean, errepidekoarekin hasiko da Garcia. Baditu erronka batzuk buruan, baina aitortu du "erosoago" sentitzen dela ziklo-krosean: "Askoz gogorragoa da errepideko txirrindularitza. Bizikletarekin egiten dira biak, baina oso ezberdinak dira. Nik nahiago dut ziklo-krosa". Espainiakoarekin bukatuko du ziklo-kros denboraldia eta orduan hasiko da errepidekora begira Urretxuko Zatikakib taldeko txirrindularia. "Egia esan, oraindik ez daukat helbururik finkatuta. Errepideak ekarriko ditu beste erronka batzuk", dio aramaioarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak