Ander Fernandez: "Lehen gola sartu ostean etorriko dira besteak"

Mireia Bikuña 2023ko urt. 13a, 10:00

Iazko ekainean heldu zen Bergantiños futbol taldera. Gernika utzi, eta maila berean jokatzen dihardu, baina Galiziako multzoan. 2021-2022ko denboraldian hamabost gol sartu zituen. Aurten, oraindik, ez du ate aurrean asmatu.

Aurrelariendako golak sartzea ezinbestekoa da. Denboraldi honetan bakar bat ere lortu ez izanak egonezina sortzen dizu?

Kezka apur bat bai. Pertsona oso positiboa naiz, eta ez dut motibazioa erraz galtzen. Badakit lehenengo gola sartu ostean gehiago etorriko direla. Baina aurrelarion lana golak sartzea da eta ez dugunean egiten urduri jartzen gara.

Are gehiago, iaz hamabost sartu zenituela kontuan hartuta.

Hori da. Iazko denboraldia oso ona izan zen, pertsonalki eta taldeari begiratuta. Baina urte guztiak ez dira berdinak izaten, eta alferrik da atzera begira ibiltzea.

Gernikan egindako azken urtea ona izan bazen, zergatik erabaki zenuen taldez aldatzea?

Iaz egindako denboraldi onari esker, Gernikarenaz gain, beste hainbat talderen eskaintzak jaso nituen. Hirugarren denboraldia zen Gernikan. Gainera, Gasteizen egiten ari nintzen Irakasle ikasketak amaitu nituen. Gradu-amaierako lana besterik ez zitzaidan geratzen, eta horrek askatasun handiagoa ematen zidan taldea eta hiria aldatzeko.

Zergatik aukeratu zenuen Galizia?

Formenterako, Talaverako eta Malagako eskaintzak izan nituen, besteak beste. Guztiak Bigarren RFEF mailakoak. Baina Galizia ezagutzeko gogoa nuen. Euskal Herriaren antz handia dauka. Bestetik, Bergantiños taldearen kirol proiektua asko gustatu zitzaidan. Hortaz, neskalagunarekin berba egin, eta biok joan ginen Galiziara. Carballon bizi gara, Coruñatik 25 bat kilometrora.

"JAITSIERA POSTUETAN GAUDE, BAINA BADAUKAGU HOBETZEKO MARJINA ORAINDIK"

Eta zein da Bergantiñosek eskaini zizun kirol proiektua?

Bigarren RFEF mailako lehenengo multzoan jokatzen dugu. Igoera lortzeko postuengatik lehiatzea zen denboraldi hasierako helburua. Alegia, sailkapenaren goiko lekuetan egotea, talde indartsuenekin. Eta erronka polita iruditu zitzaidan. Lehenengo RFEF mailara igotzeko aukera hori edukitzea izugarria litzateke.

Baina sailkapenak ez du hori erakusten.

Ez. Hamabosgarren gaude sailkapenean eta hemezortzi talde gara. Alegia, jaitsiera postuetan gaude, oraingoz. Kategoria hau oso gogorra da. Izan ere, multzo bakoitzeko lau talde jaisten dira eta azken bosgarrenak ez jaisteko promozioa jokatuko du. Horrenbestez, gauzak ondo egiten ez direnean halakoak pasatzen dira.

Dena den, igoerako postuak bederatzi puntura dituzue eta hemezortzi jardunaldi geratzen dira; egoera aldatzeko astirik baduzue?

Bai. Hobetzeko marjina handia daukagu eta bolada ona harrapatuko dugu, ez daukat zalantzarik. Egia da, era berean, taldea asko aldatu dela aurreko denboralditik hona. Hiru jokalari bakarrik geratu ziren eta bide berria egiten gabiltza.

Gernikak eta Bergantiñosek maila berean jokatzen dute, galiziarrek lehen multzoan eta bizkaitarrek bigarrenean; nabaritu duzu alderik bi multzoen artean?

Esango nuke Galiziako multzoa askoz indartsuagoa dela. Hemen edozein taldek gal dezake edonoren aurka. Liderrak azkenaren kontra ere bai. Multzo parekatuagoa dela uste dut.

Urtebeterako sinatu zenuen.

Etxetik kanpo egotearena, ez bakarrik futbolean jokatzen, erronka berria da niretzat. Bikotekidearekin bizi izaten, beste herri batean... Oso gustura gaude. Erabaki zuzena hartu genuela uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak