Euskal Herriko hiru txirlo txapelketako azken saioa Etxaguenen izango da

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko aza. 18a, 08:00

Saioa Etxaguenen izango da zapatuan, 12:00etan.

Euskal Herriko hiru txirlo txapelketa azkeneko saiora iritsi da; bost saio jokatu ostean, finala jokatuko dute bihar, Etxaguengo bolatokian. 12:00etan izango da saioa. Izen-ematea 5 euro da, eta edonork parte har dezake. Txapelketan lehiatzeko, aldiz, federatuta egon behar da. Txukundu egin dute Etxaguengo bolatokia azken hilabeteetan.

Bolatokia atontzen

Irailean hasi ziren Etxaguengo bolatokia konpontzen. "Nahiko erabili izan den bolatokia da, nahiz eta azkeneko urteetan ohitura zerbait galdu den. Ez zegoen egoera txarrean, baina txapelketa batek eskatzen dituen neurriak ez zituen betetzen", azaldu du Etxaguengo auzo-alkate Mikel Oterok. Hori horrela, buru-belarri ibili dira lanean: "Argiteria konpontzeko eskatu diogu Udalari, margotu egin dugu eta pistako oholtza aldatu egin dugu, zaharra oso hondatuta zegoelako". Bola botatzen denean bi metro luzera duen ohol baten jo behar du; bada, ohol hori da aldatu dutena. Horrez gain, pista bera ere konpondu egin dute, buztin-lurrarekin. Azkenik, pistaren amaieran hesi bat harri dute, babesleku lana egingo duena.
70eko hamarkadan egindako bolatokia da, auzolanean, Diputazioaren laguntzarekin. "Orain dela gutxira arte erabili da; izan ere, 2012ko kopak baditugu", dio Oterok. Horrez gain, irailean auzolanean urtero konpondu izan dute bolatokia, baina araututako distantziak ez ditu sekula bete izan. "Hiru txirlo jokoan egiteko boloak ere ez genituen, bere garaian apurtu egin ziren eta. Zulo bako bola geneukan. Orain, bi bolo joko erosi ditugu auzorako", dio, eta gehitu du auzotarrek nork bere erabilerarako beste bederatzi joko erosi dituztela. Etxaguengo bolatokia zabalik dago gura duenak erabil dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak