1992 eta 2007 bitartean jaiotako herritarrak elkartuko dira bihar, zapatua. Aramaioko sanmartinetako kintada ospatuko dute, Gazte Asanbladak antolatuta. Goizean poteoa egingo dute Bizente Goikoetxea plazan, eta aprobetxatuko dute momentua plaza bera dekoratzeko. Izan ere, eguneko ospakizunak han bertan egingo dituzte.
Bazkaria, plazan
Bazkarira mozorrotuta joango dira kintoak. "Egutegi txinatarraren arabera, kintada bakoitza dagokion animaliaz joango da; adibidez, 2005ekoak oilarrez mozorrotuta joango gara", azal-du du antolakuntza taldeko Oihan Azkaratek.
100 pertsona baino gehiago elkartuko dira bazkarian: entsalada eta oilaskoa izango dute. Arratsaldean, pikea izango dute; askotariko jolasak egingo dituzte, eta gauean Gantzagako jaietara joateko asmoa dutela dio Azkaratek.
"Garai honetan gazteendako ekintza gutxi egoten direlako antolatu dugu kintada; ekitaldi gehienak uda aldean pilatzen dira, eta udazkenean ezer gutxi egoten da", dio, kintada zergatik antolatu duten galdetuta.