Irailean hasi zuten San Martin pilota txapelketa, eta bihar, zapatua, amaituko dute. "Txapelketa ondo joan da, partidu asko jokatu dira eta jende asko mugitu da Araba aldetik", azaldu du Aramaioko pilota elkarteko kide Heriberto Arriolabengoak. 16:00etan hasiko dituzte finalak. Kategoriaka jokatuko dituzte; zazpi, guztira. Horrez gain, Aramaioko pilota eskolako benjamin mailako neska-mutikoek erakustaldia egingo dute. "Aramaioko sei pilotarik egingo dute erakustaldia", dio Arriolabengoak.
Infantil A kategorian Aramaioko bikote batek jokatuko du finala; hain zuzen, Unax Gonzalez eta Markel Beitia bikotea lehiatuko dira Txukun Lakua taldeko Ager Beobideren eta Ander Seararen aurka: "Finala irabazteko faboritoak dira aramaioarrak". Arriolabengoak nabarmendu du 20:00 aldera izango dela sari banaketa ekitaldia: "Udal ordezkariak eta Arabako Pilota Federazioko ordezkariak etorriko dira sari banaketara".
Behera doan zaletasuna
Txapelketak orain arte emandakoarekin gustura dago Arriolabengoa, baina pilotarekiko zaletasunak kezkatzen du: "Egoera txarto dago, ez dabil jenderik, pilotari gutxi daude". Egoera horren aurrean, nabarmendu du pilotan dabiltzanak oso gustura dabiltzala.
Nagusien kategorian, Markel Arriolabengoak bakarrik jarraitzen du lehiatzen. Azkeneko urteetan Legutioko elkartean dabil: iaz, Lurraldeko Txapelketa irabazi zuen, esaterako.