Erretiratuen Eguna ospatuko dute bihar Aramaion, produktu eta animalia azokarekin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko urr. 28a, 09:54

2021eko azokako irudia.

Azoka Nardeaga kalean izango da, 11:00etatik 14:30era. Ondoren, bazkaria izango dute erretiratuek.

Iritsi da urriko azken zapatua, eta, horrekin batera, baita herrian hain preziatua den Erretiratuen Eguna ere. Ohiturari eutsiz, animalia eta artisau azoka egingo dute Nardeaga kalean. Hala ere, nabarmendu behar da aurtengo animalia azoka zertxobait urriagoa izango dela. Hegazti-gripea dela eta, Aldundiak debekatu egin du hegaztiak erakustea, horregatik ez da oilorik egongo; bestalde, behiak erakusteko arauak asko zorroztu dituztenez, ez da behirik egongo. Erakutsiko dituzten animaliak izango dira: astoak, behorrak, ardiak eta ahuntzak. Guztira, herriko 12 ganaduzalek eramango dituzte animaliak Nardeaga kalera. Ohi baino urriagoa izan den arren, animalia postuak erakargarriak izaten dira; batez ere, gaztetxoendako.

Postu ugari

11:00etatik 14:30era bitartean izango da produktuen azoka Nardeaga kalean. Herriko 20 postu jarriko dituzte, eta kanpotik etorritako 30 postu. Denetariko produktuak egongo dira: nekazaritzari dagokionez, baserritarrek ortuko barazkiak eta frutak eramango dituzte; baita, gazta, eztia... Bestalde, artisauek eskuz egindako lanak erakutsiko dituzte: lore sikuekin egindako apaingarriak, bitxiak, arropak, egur-lanak... Denetarik ikusi eta erosteko aukera egongo da, beraz, Aramaion bihar.

Nagusiak gogotsu daude

12:00etan, meza izango dute parrokian. Bizente Goikoetxea abesbatzak eta Papargorri abesbatzak abestutako meza izango da. Ondoren, Lagun Artean dantza taldeak erakustaldia egingo du. Mimo handiz prestatutako dantzak erakutsiko dituzte. Trikikalejira elkarteak, aldiz, kalejira egingo du, herriko kaleak trikiti doinuekin alaituz. Horrez gain, 12:00etan, Sastiñan, herriko artisten margolanen erakusketa inauguratuko dute.

Erretiratuen Eguna dela kontuan hartuta, Ibarrako elkarteek detaile berezia izaten dute eurekin. Elkarteek salda eta mokadutxo bat eskaintzen diete erretiratuei. Alaiak erretiratuen elkarteko presidente Miguel Loitik dio jendea gogotsu dagoela: "Joan den astean, Arabako Erretiratuen Eguna ospatu genuen, Guardian, eta ikustea besterik ez dago zelako gogotsu zegoen jendea ospakizunetarako". Giro onean egun-pasa polita egin zutela nabarmendu du Loitik. Bihar, bazkaria egingo dute, 14:30ean, pilotalekuan. Udalak antolatu- tako bazkaria izaten da urriko azkeneko zapatuan egiten dutena. Bazkaldu ondoren, opariak banatuko dituzte hara joango diren erretiratuen artean.

Herriko pertsona nagusienak omenduko dituzte

Herriko pertsona nagusienak omentzen ditu Udalak Erretiratuen Egunean. Herriko gizon eta emakume zaharrenak; aurten, oroigarria jasoko dute Arraga auzoko Fermin Etxeberria Alonsok eta Suiñako Eustakia Agiriano Zuazuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak