Gaba Baltza ospatuko dute gaur herriko gaztetxoek. Txirritolak, eskolako guraso elkarteak, Ikusiz Gozatu elkarteak, Anbotoko Doinuak elkarteak eta dantza taldeak antolatu dute aste bukaerako egitaraua. Domu Santu egunaren bueltako ekintzak 17:00etan hasiko dituzte, mozorro tailerrarekin. Etxetik eramandako arropa zaharrarekin egingo dituzte jantziak. Ideiak hartzeko, gaubeltza.eus ataria proposatu dute. Ondoren, kaleak apainduko dituzte kalabaza eta kriseiluekin.
Ipuin kontaketa
18:00etan, 3 eta 6 urte bitartekoei zuzendutako ipuin kontaketa izango dute. Nagusiagoek antzerkia izango dute: Nire beldurrik maiteenak. Haurtzaroan sortzen diren eta heltzean oraindik ere mantentzen diren beldurrei buruzko bidaia dibertigarria izango da antzezlana. Emanaldiaren ondoren, kalejira egingo dute plazara; han, edabe magikoaren inguruan dantza eta kantuan ibiliko dira.
Film beldurgarria
Domekan, Ikusiz gozatu taldearen eskutik Ilargi guztiak film beldurgarria botako dute kultura etxean, 19:00etan.

Eguaztenean hasi zituzten ekintzak, Josu Ozaitak egindako Itzalitako kalabazak berpizten hitzaldiarekin.