Hiri hondakinen tasa %8 igotzea onartu du Udalbatzak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko urr. 3a, 11:33

Herritarra hondakinak edukiontzian botatzen.

2023 ekitaldirako ordenantza fiskalen aldaketa onartu dute.

Eguenean egindako ohiko osoko bilkuran 2023ko ekitaldirako ordenantza fiskalak landu zituzten. Ordenantza fiskaletan aldaketak egitea onartu zuten, aho batez. "Proposamena da hiri hondakinen tasa bakarrik igotzea, eta gainontzekoak daudenetan mantentzea. Hiri hondakinen tasa %8 igotzea proposatzen dugu. Tasetan izan beharko genukeen gastua eta zerbitzu hori ematearren kobratzen duguna parekatuta egon beharko lirateke, eta kasu honetan urrun gaude. Iaz igo genuen %7 pentsatuz Jundizek %3a igoko zuela; baina, Jundizek %6a igo zuen. Oso atzetik gaude", azaldu zuen Lierni Altuna alkateak.

Etxebizitza bategatik 63,75 kobratzen da

Gaineratu zuen oraindik ez dakitela aurten zenbat igoko duen Jundizek. "Guri kontu hauek eramaten digun Hondakinen Partzuergoak esan digu igoera progresiboak egiten dabiltzala, eta %6 igotzeko asmoa dutela. Guk kobratzen dugu urteko etxebizitza bategatik 63,75 euro, eta partzuergoko udalerrietan 90 euroren bueltan daude. Uste dugu tasa hau progresiboki igotzen joan behar garela", gaineratu zuen Altunak. "Partzuergoko bazkideen etxeetan –Oleta, Zigoitia, Zuia...–90 euroren bueltan daude eta gu geratuko ginateke aldaketa honekin 68,85ekin. Hondakinena arazo handi bat da eta gero eta gehiago zigortzen da", azaldu zuen.

Uraren ordenantza, aztertzeko

Uraren ordenantzari buelta bat eman behar zaiola ere aipatu zuten osoko bilkuran; horren harira, kontsumo altuak zigortzea aukera bat izan daitekeela aurreikusten dute, baina urarena hurrengo ekitaldirako utzi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak