Alberto Marcosen eta Aitor Zabaletaren M3a, Aramaion azkarrena

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 11a, 09:48

Atzeko trakziodun auto bat nabarmendu da aurtengo Aramaioko rallysprintean, Alberto Marcosek eta Aitor Zabaletak gidaturako BMW M3a izan zen-eta egun osoan erregularrena. 

Eguraldi ederra lagun, Aramaioko rallysprintaren 21. edizioak automobil zaleak asetu ditu. Aurreko postuengatik borrokan bi BMW M3 nabarmendu dira, lasterketa irabazi zuten Alberto Marcosena eta Aitor Zabaletarena, batetik, eta eurekin borroka estua izan duten Gurutz Agirretxe eta Mikel Labakarena, bestetik. Podiumera hirugarren postuan igo diren Gorka Idigorasen eta Raul Perezen Clio Sporta ere borroka horretan ibili da, eta bigarren eta laugarren txandetan lortu dute bigarren denbora onena egitea (5.08.280), baina, ez da aurrerago sailkatzeko nahikoa izan.

Hala, aurtengo nobedadea izan da lasterketak lau txanda izan dituela, lehenengo biak noranzko batean –Ibarratik Uribarriruntz– eta beste biak beste noranzkoan –Ibarratik Gantzagaruntz–. Hor, Agirretxe eta Labaka indartsu hasi dira (5.10.687) besteak hiru segundotara utzi dituzte. Bigarren txandarako "esnatu" egin dira Marcos eta Zabaleta (5.08.960), eta ia bost segundotan ondu dute lehenengo txandako denbora. Idigorasek eta Perezek ere askoz ere txanda hobea egin dute (5.13.213) eta bigarren izan dira. Eta kontrara, Agirretxek eta Labakak atzerapausoa eman dute, hirugarren denbora onena eginda.

Bazkaltzeko tartea hartu eta autoak herriaren beste irteera puntura eramanda hasi dituzte hirugarren eta laugarren txanda erabakigarriak, eta hor ere Marcos eta Zabaletaren M3a izan da erregularrena. Hirugarren txandan ia-ia denbora berdina egin dute bi M3ek, eta ehunen batzuengatik Agirretxe eta Labaka izan dira onenak (5.10.134). Noranzko horri neurria hartzeko txanda izan da hori, eta laugarrenean arriskatzera jokatu dute denek. Hala, Alberto Marcosek eta Aitor Perezek hor irabazi dute rallysprinta, "hegan" egin dutelako (5.07.740) eta Agirretxek eta Labakak, ostera ere, bigarren txanda txarra egin dute (5.10.986). Eta, goizean gertatu moduan, Idigorasek eta Perezek txanda horretan bigarren sailkatzea lortu dute (5.08.280). Hala, egun osoko lau txandak batuta, Alberto Marcosendako eta Aitor Zabaletarendako izan da garaipena (20.40.580). Eguneko sailkapen guztiak, hemen.

Klaseetako emaitzak

  1. Klasean: Aimar Arriolabengoa eta Xabier jauregi (Citroen AX GTI)
  2. Klasean: Andoni Blanco eta Iker Mellado (Citroen Saxo VTS)
  3. Klasean: Joseba Frutos eta Urtzi Kortazar (Clio Sport)
  4. Klasean: Iker Aristi eta Maialen Iarza (Peugeot 106 Is)
  5. Klasean: Alberto Marcos eta Aitor Zabaleta (BMW M3)
  6. Klasean: Jose Ferreiras eta Maialen Lete (Ford Fiesta N5
  7. Formula librean: Iban Leanizbarrutia eta Irati Hacha (BMW 325)
  8. Junior mailan pilotu onena: Andoni Blanco (Citroen Saxo VTS)
  9. Junior mailan kopilotu onena: Xabier Jauregin (Citroen AX GT)
  10. Kopa 1.6: Andoni Blanco eta Iker Mellado (Citroen Saxo VTS)
  11. Kopa 2.0: Joseba Frutos eta Urtzi Kortazar (Renault Clio Sport)
  12. Propultsioan: Ander Terrazas eta Borja Lopez (BWM 325i)
Erlazionatuak

Aramaioko rallysprinta, bideoklipa

Xabier Urtzelai 2022 ira 11 Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak