Aimar Arriolabengoa: "Zati politak dituen rallya da Aramaiokoa"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko ira. 8a, 18:00

Aimar Arriolabengoa.

Gustuko du gasolina usaina Aimar Arriolabengoa aramaioarrak. Aretxabaletako Lanbide Heziketan Automozio ikasketak egin ostean, Eskoriatzan dihardu lanean gaur egun. Aramaioko gazteak herritarren aurrean debutatuko du, Citroen AX autoarekin.

Rallysprinta zapatuan izango da. Dena gertu duzu?
Autoa preparatzen ari naiz, beti egoten da-eta zerbait egiteko. Lasterketa guztien aurretik urduritasun puntu bat izaten dut, baina egia da gero eta urduritasun txikiagoa izaten dudala.

Ibilbidea ondo ezagutzen duzu. Abantaila izango da hori?
Ez dakit... desabantaila ere izan daiteke. Konfiantza larregirekin joatea ez da ona izaten eta ibilbidea ondo ezagutzeak konfiantza eman dezake. Xabi Jauregi izango dut kopilotu lanetan; betidanik ezagutzen dut. Konfiantza izan behar da ondoan doanarekin, batez ere, ezagutzen ez duzun ibilbidetan.

Etxeko lasterketa izanda, zer nabarmenduko zenuke?
Zati oso politak dituen ibilbidea da. Gorabehera asko ditu eta bihurgune dezente. Aurten, gainera, bi noranzkotan jokatuko da: lehenengo bi txandak alde batera izango dira eta azken biak beste noranzkoan.

Citroen AX autoarekin lehiatuko zara, lehenengo taldean. Nolako autoa da?
Auto berezia da: oso arina da, txikia... Gidatzeko oso dibertigarria da.

Autoen zaletasuna garestia dela entzun izan da beti. Azkenaldian gasolinak duen prezioa ikusita, nola moldatzen zara?
Gasolina garesti egon arren, ez da arazo larriena; izan ere, lasterketa egun bakar batez izaten da. Autoaren mantentze-lana da garestia. Nire kasuan, tailer baten egiten dut lan eta nire kabuz egin ditzaket konponketak; horrela ez balitz, ez litzateke zaletasun bideragarria izango.

Rallyei begira, non entrenatzen zara?
Astebete lehenago entrenamendua egiten dugu ibilbidean, bihurgune bakoitza zelakoa den ikusteko. Hala ere, lasterketetako autoekin ezin da errepidetan ibili; hortaz, zirkuitu itxietara joan behar izaten dugu. Hemen, gertuen, Miranda de Ebrokoa dugu zirkuitu itxia.

Aramaioko rallysprintera ze helbururekin zoaz?
Helburu nagusia ondo bukatzea da, eta giro onean ondo pasatzea. Orain arteko rallyak espero baino emaitza hobeekin amaitu ditut. Azpiko Racing elkartean 10 bat lagun gabiltza rallysprinta antolatzen.

Biharko zirkuitua kontuan hartuta, lasterketa ikusteko tokiri onenak zeintzuk dira?
Bakoitzaren gustuaren arabera izango da. Hainbat toki on daude: Uribarri auzoan salto polit bat dago, esaterako; Gantzagan bihurgune politak daude eta Arexola auzoan tramu azkarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak