Nobedadeekin dator Aramaioko Rallysprintaren 21. edizioa. Eta nabarmenena da, uztailean Eskoriatzako rallysprintean egin zuten moduan, lasterketa bi noranzkotan egingo dutela: "Aramaioko Rallysprinteko hastapenetan ere halaxe egiten zuten, eta formatu horretara itzuliko gara. Alegia, goizeko lehenengo bi txandetan pilotuek Ibarratik Uribarrirako bidea hartuko dute, eta eguerdian bazkaltzeko tarte bat hartu eta gero, arratsaldeko bi txandak kontrako noranzkoan izango dira, alegia, pilotuek Ibarratik Gantzagarako bidea hartuko dute. Horrela, neurri batean indarrak parekatu egiten dira, noranzko batean azkar igotzen dutenek abantaila daukatelako, baina hurrengo bietan jaisten azkarrak direnek aurrea har dezaketelako", adierazi du antolaketa taldeko kide Eneko Uribek.
Hain zuzen, horregatik, lasterketa beste urte batzuetan baino goizago hasiko da, 12:00etan: "Esango nuke pilotuek gustura hartu dutela erabakia, azken batean txanda bat gehitu dugulako eta horrek esan nahi duelako kilometro gehiago egin ahal izango dituztela".
Izenemateak gora
Iaz ohi baino parte-hartze baxuagoa izan zuen lasterketak –35 auto batu ziren irteera puntuan– eta zapatuko lasterketarako, berriz, aste barruan 43 pilotuk emana zuten izena. Gainera, antolatzaileek lehia politak aurreikusten dituzte. Maila nagusian, esaterako, azken bi urteotako txapeldun Gorka Idigoras (Renault Clio) eta Mattin Villares (BMW Compact) izango dira aurrez aurre. Egia da azken urteotan izan dituzten lehia estuak auto berberarekin izan dituztela, Clioarekin, eta ikusteko dago BMWarekin Villares zelan moldatzen den. Eguneko denbora onena egiteko borrokan ibiliko dira bi horiek, baina kategoria txikiagoetan ere saltsa polita egongo da: "Adibidez, debagoiendarren artean lehia politak izango dira. Esaterako, Aimar Arriolabengoa eta Xabi Jauregi, batetik, eta Unai Jurado eta Asier Rioja, bestetik, aurrez aurre izango dira. Citroen AX bana dute horiek, eta ikusteko dago indarrak parean egonda nor den azkarrena".
Tramu batzuetan, gainera, asfaltoa konpondu egin dute. Berez, albiste ona da, nahiz eta badagoen irakurketa gehiago: "Halakoetan, eta eguraldi onarekin, pilotuek gehiago estutzen dituzte autoak, eta ez da jakiten zer den komenigarriena, kolpeak ere handiagoak izan daitezkeelako".