Juanjo Peciña Iturrietako arduradunak azaldu duenez, egubakoitzean Elh Malicken kontzertuan egon zirenak "oso pozik" geratu ziren. "Atzo, berriz, gau giro ederrean egon ginen film laburrak ikusten eta bertsoak entzuten", gaineratu du.
40 lagun bildu ziren eta, "espero baino gutxiago" izan arren, pozik da Peciña. "Oso emanaldi polita izan zen eta pena apur bat hartu nuen jende gehiago egon ez izanagatik. Agian ez dira egun aproposenak halako ekitaldiak antolatzeko eta, datorren urtera begira, data aldatuko dugu", zehaztu du, bigarren edizio bat egongo dela aurreratuz.
Lehen asteburu honen ostean, uztailaren 28an Aitor Alberdiren film laburrak proiektatuko dituzte, 22:00etan, eta hilaren 30ean, Juanma Canorenak. Bi saio horietan ere bertsolariak egongo direla adierazi du Peciñak, nahiz eta oraindik ez dakiten zeintzuk izango diren.
Tartean, uztailaren 29an, Aldo Mila musikariak egingo du kontzertua, 19:00etan hasita.