Aramaio Loratzen: Mikel Aranzabal eta Juan Ugarte irabazleak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko uzt. 22a, 10:57
Mikel Aranzabal etxe aurrean; eta, Juan Ugarte, Eskarne alabarekin eta bilobarekin, etxe atarian.

Aramaioko balkoi, leiho eta atariak apaintzeko lehiaketak baditu irabazleak. Leihoen kategorian Mikel Aranzabalek irabazi du saria, 200 eurokoa; etxe atarien kategorian, aldiz, Uribarriko Juan Ugartek irabazi du –200 euro–.

Pedro Ignazio Barrutia kalean dauka etxebizitza Mikel Aranzabalek; etxeko begiratoki aldamenetan daukan jardineran ditu loreak. Kasu honetan, geranioak dira, kolore arrosakoak, eta huntz erakoak. "Iaz egin zuten lehenengo lehiaketa, eta orduko hartan ez zen zorterik egon, baina aurten bai", dio Aranzabalek.

Kontuz tximeletarekin

"Badira sei urte landare bera duguna", azaldu du Aranzabalek. Sekretu handirik ez daukala aitortu du. "Negu partean, egiten duen giroaren arabera, babestu egiten ditut landareak. Gainontzean, ureztatu eta abonatu egiten ditut", dio. Nabarmendu du badagoela kontuan hartzeko "etsai" bat: "Tximeleta sartzeko arriskua dauka geranioak; horregatik, 15 gunean behin tratamendu berezia egiten diet landareei. Tximeleta sartuz gero, kirtenetik sartzen da eta barru osoa jaten du". Aranzabalek dio ekain erdialdean orain baino politago egoten direla loreak.

Ukitu sentimentala

Etxe atarien kasuan, Juan Ugarte eta Eskarne Ugarte aita-alabek irabazi dute saria. Kasu honetan, sariaren atzean istorio polit bat dago. "Gure amari asko gustatzen zitzaizkion loreak, eta hura hasi zen baserriko ataria lorez apaintzen... orain dela sei urte hil zen arte", azaldu du alabak. Bada, saria irabazi dutela jakitean amarekin asko akordatu direla dio, eta omenaldi txiki bat izan dela, "ukitu sentimentala" izan duen saria. Etxe atarian lore sikuz osatutako lore-sortak dituzte zintzilik: "Zintzilik dauden loreak basoan hartutakoak dira, baita erositakoak ere... Sikatu egiten ditut, eta ondoren, zintzilik jarri". Guztira 50 bat sorta dituztela dio. Zaintza berezirik ez duela egiten gehitu du: "Ez, zaintzarik ez dute behar. Garbitu egiten ditugu, eta zatartzen hasten direnean berriak jartzen ditugu".

Zazpi lehiakide

Aurten bigarren aldiz egin dute Aramaio Loratzen lehiaketa. Bi kategoriatan banatuta zazpi pertsonak eman dute izena aurtengo lehiaketan. Bi sari nagusiez gain, parte hartzaileen artean egindako zozketan Ainhoa Vilches izan da irabazlea –50 euro–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak