Kontzertuak eta gaueko zinema Iturrietan, sagardoa lagun

Hasier Larrea 2022ko uzt. 17a, 13:26

Elh Malick (Argazkia: Gasteiz Hoy).

Iturrieta sagardotegiko lorategian 'Hamabostaldi kulturala' antolatu dute uztaileko azken bi asteburuetarako; Elh Malick bakarlariak irekiko du egitaraua datorren ostiralean, eta Asier Altunaren film laburrak proiektatuko dituzte zapatu gauean.

"Bezeroei eskerrak emateko", horretxegatik antolatu dute Iturrieta sagardotegiko egitarau kulturala bertako kudeatzaileek. Juanjo Peciñaren esanetan, urtero saiatzen dira "jendeak gozatzeko moduko" ekintzak antolatzen, "noizbehinka" bada ere. Hala, lehen hitzordua datorren ostiralean, hilak 22, izango da, 19:00etan hasita, Elh Malick musikagile senegaldarraren eskutik. Gitarra akustikoarekin, wolof hizkuntzan egiten ditu reggae ukituko "bizitzari buruzko" abestiak, baina "pop amerikarra eta Mikel Laboaren bertsioek badute tokia" haren kantutegian. Gasteizen bizi da eta Donostia, Zaragoza, Bartzelona eta Madrilera joaten da sarri, taberna edo aretoren batean jotzeko deitzen diotenean.

Beste artista internazional bat, kasu honetan Aldo Mila portugaldarra, gonbidatu dute sagardotegira hilaren 29ko arratsaldea goxatzeko. Gustuko baitute kanpoko musikariak ekartzea. "Asteon Kubako Septeto Santiaguero taldekoek deitu ninduten, biran zihardutela Europan eta ea zerbait egin dezakegun; bi Grammy irabazitakoak dira, eta bai, hemen jo zuten behin", azaldu du Peciñak.

Filmak, pantaila handian

Aurten berrikuntzak eskaintzeaz ere arduratu dira, Izarren azpiko euskal zinea izenekoari tokia eginaz: "Garai bateko udako gauak berreskuratu nahi genituen, plazetan pantaila erraldoia jarri eta norberak etxetik aulkia eramaten zueneko gauak, pelikulak ikusteko aitzakiarekin".

Hori hala, Aitor Alberdirekin Proiektors sormen taldeko kidearekin jarri ziren harremanetan. "Film zein proiektore analogikoak konpondu eta erabilera ematea da, besteak beste, egiten duguna", dio. Elkarlanean antolatu dute, beraz, hiru saio izango dituen zinema zikloa, eta bakoitzean Asier Altuna, Aitor Alberdi eta Juanma Cano zinemagile euskaldunen film laburrak jarriko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak