Bizipenak bost minutuan azaltzeko gaitasuna sarituko dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko eka. 17a, 10:14
Argazkia: @aramaixokoasanbladie

Film laburren lehiaketako emanaldia uztailaren 3an izango da, domeka.

San Martin jaiak gainean direla kontuan hartuta, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak jaietako film laburren lehiaketako gaia zein izango den argi-taratu du. A-2620 errepideko 22. kilometroa izango da gaia. "Esanahia du, bai. Pandemia garaian biltzen ginen lekua da, horregatik aukeratu dugu errepideko tarte hori", dio Gazte Asanbladako kide Unai Etxenausiak.

Lanak egiteko baldintzak

Film laburrak sortzeko baldintza bi egoten dira: gaia eta iraupena. Parte-hartzaile guztiek errespetatu beharreko gaiaz gain, errespetatu beharreko beste baldintza bat film laburraren iraupena izango da. Bost minutuko iraupena izango duten lanak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek.

Bakarka zein taldeka parte hartzeko aukera egongo da eta taldekideen kopuruari dagokionez ez dute mugarik jarriko. Ikus-entzunezko lanak USB batean aurkeztu beharko dira, .mov edo .avi formatuetan, uztailaren 3an txosnagunean. "Norbaitek aurrez entregatu nahi badu Gazte Asanbladako jendearekin harremanetan jar dadila", nabarmendu du Etxenausiak.

Jaietako domekan

Uztailaren 1etik 4ra bitartean ospatuko dituzte San Martin jaiak Aramaion. Bada, domekan, uztailaren 3an, eskainiko dituzte film laburrak, Berbapasiaren ondoren.

Sari sinbolikoa

Oraindik zehaztu barik dagoen epaimahai bat arduratuko da sormen lanak ikusi eta baloratzeaz: "Ez da sari ekonomikorik egoten, zerbait sinbolikoa ematen dugu, jai giroan". Izan ere, Etxenausiak nabarmendu du jaietako film laburren lehiaketa kuadrilla giroan egiten dela. Jendea jaietarako gogotsu dagoela azaldu du. Gazte Asanblada jaietako egitaraua prestatzen dabil, baina ez eurak bakarrik, bestelako eragileekin koordinatuta ari dira. "Guri dagokigunez, datorren astean argitaratuko dugu sare sozialen bitartez jaietako egitaraua. Oraindik dena zehaztu barik dagoen arren, aurreratu daiteke kaleko eskalada ekitaldi bat egingo dugula Orixol mendizale elkartearekin batera", esan du Etxenausiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak