Asier del Campo: "Liga ona egin dugunez, erraztasun gehiago izan ditut golak sartzeko"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko eka. 10a, 10:26

Asier del Campo bi garaikurrekin: golegile onena eta liga txapeldunarena.

Arabako Zilarrezko Ligan, 2021-2022 denboraldian, gol gehien sartu dituen jokalaria izan da Asier del Campo aramaioarra. Denboraldia hasita sartu zen taldean, bosgarren jardunaldian.

Golegile onenaren saria irabazi duzu Zilarrezko Ligan. Espero zenuen?

36 gol sartu ditut ligan, eta, egia esan, ondo ibili gara, baina lehiatua izan da saria. Izan ere, bazegoen beste jokalari bat, Andoni Infante, Lakuabizkarra taldekoa. Azken aurreko jardunaldian 35-36 gol genituen... Beraz, azkeneko jardunaldian erabaki da txapelduna.

Golegile onenaren sariaz gain, Aramaixo futbol taldeak liga ere irabazi du. Denboraldi hasieran jarritako helburuak bete dituzue?

Uste dut talde ona izan dugula. Hala ere, Dinamo Lakuabizkarrak talde ona izan du eta bien arteko lehia polita izan da denboraldi osoan zehar. Azken finean, Pitxitxi saria eta liga lotuta doaz. Liga ona egin dugunez, erraztasun gehiago izan ditut golak sartzeko. Gure artean ere motibazioa izan dugu, eta, liga txapeldun izatea espero genuen arren, zail izan dugu.

Non egon da garaipenaren gakoa?

Taldean baditugu 25-26 urte bitarteko jokalariak, eta horiek lagundu digute momentu zailetan burua bere lekuan izaten eta erabaki onak hartzen. Uste dut hori izan dela liga irabazteko gako nagusia.

Noiz sortu zen Aramaioko taldea?

Orain dela hiru urte sortu zen. Brontze Mailan hasi genuen liga eta hortik Bigarren Mailara pasatu ginen. Iaz, ezin izan ginen igo, eta aurten berriro ere jokatu dugu maila berean eta igoera lortu dugu. Hiru urteko ibilbidean bi igoera lortu ditugu; hortaz, pozik egoteko modukoa dela esan daiteke.

Denboraldi berrian Arabako Lehenengo Mailan jokatuko duzue. Mailari dagokionez, igarriko da aldea?

Araban talde lehiakorrenak direnak egongo dira Urrezko Liga horretan; horregatik, uste dut igarriko dugula aldea. Aurten, Zilarrezko Ligan bost talde izan gara lehiakorrak; uste dut datorren denboraldian beste era batera izango direla gauzak.

Taldeari begira, herriko jendearekin jarraituko duzue ala beste herri batzuetako jokalariak ere izango dituzue?

Berez, herriko jokalariak bakarrik gaude taldean, eta entrenamenduetan jende faltan gaudenean etortzen dira laguntzera. Hurrengo denboraldiari begira, herrikoekin hasteko asmoa dugu; gainera, nabarmendu behar da gazteak oso gogotsu daudela futbolean egiteko. Hortaz, alde horretatik, pozik gaudela esan daiteke.

Beteranoek taldea uzteko asmoa dutela diozu. Nola eragingo du horrek?

Bai, pena da. Ondo etortzen da esperientzia duen jendea izatea taldean, baina gazteekin egin beharko dugu aurrera.

Etxean jokatzen dituzuen partiduetan, harmailak bete egiten dira?

Bai; domeka arratsaldeetan jokatzen dugu, eta uste dut plan polita izaten dela herriko jendearendako futbol partidua ikustera etortzea. Harmailak bete egiten dira eta giro polita egoten da.

Aramaio mailan, egun, gehien jarraitzen den kirola da areto futbola?

Pilotan ez dabiltza neska-mutiko asko, eta gero eta partidu gutxiago jokatzen dituzte. Hain zuzen ere, areto futbola da gehien jokatu eta ikusten dena herrian.

Bailara mailan, Eskoriatza eta Arrasate Euskadiko Ligan dabiltza. Horien aurkako derbiak jokatzea amesten duzue?

Oso ondo egongo litzateke derbiak jokatzea, nahiz eta oraindik bide luzea dugun egiteko. Hala ere, ondo jokatuz gero lortu ahal izango dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak