90eko hamarkada gogora dakarten doinuak ekarriko ditu Jukebox bikoteak Sastiñara

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko eka. 3a, 12:08

Ruben Ocasar gitarrarekin. Argazkia: Zankyou.com

Musika Festibalaren barruan hiru emanaldi egingo dituzte: gaurkoa izango da lehenengo, 19:30ean Sastiñan.

80ko eta 90eko hamarkadetako gaztelerazko pop-rock musika eta abestiak gogora ekarriko dituen bikoteak ekingo dio aurtengo Musika Festibalari. Ekaineko barikuetan musikaz gozatzeko aukera egongo da, beste behin; aurten, ez bakarrik Sastiñan, baita beste agertoki batzuetan ere.

Jukebox bikoteak egingo du gaurko kontzertua, 19:30ean hasita, Sastiñan.

Gitarra eta baxua

Jukebox bikotearen arima Ruben Ocasar musikaria da. "Proiektu pertsonala da, eta zenbait musikarirekin lan egiten dut kontzertuetan. Oraingoan, Jose Antonio Garcia baxu-jotzailea izango da nirekin Aramaion", azaldu du Ocasarrek. Bertsioz osatutako emanaldia egingo dute: "90eko hamarkadako talde onenen errepasoa egingo dugu: Revolver, Los Secretos, Fito&Fitipaldis...". Nabarmendu du oso samur entzuteko musika joko dutela, eta, musika estilo jakin baten zale amorratua izan ezean, gustura egoteko emanaldia izango dela. "Gaur egun oraindik ere irratian entzuten diren abestiak dira: Joaquin Sabinaren Princesa, Fito&Fitipaldis taldearen Soldadito marinero, M Clan taldearen Carolina... Oso ondo funtzionatzen digun errepertorioa da". Ordu eta erdi iraungo duen emanaldia izango dela dio Ocasarrek; eta gaineratu du gogotsu dagoela lehenengo aldiz Aramaion jotzeko.

Ekaineko kontzertuak

Ekaineko barikuetako beste bi kontzertuak hauek izango dira: ekainaren 10ean, zarzuela emanaldia kultura etxean; eta ekainaren 17an, organo kontzertua elizan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak