Bostetik lau. Hori da aramaioarrek Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdietatik finalerako jauzian lortu duten balentria. Andere Arriolabengoa zapatuan taularatu zen Araian; Manex Agirre, Peru Abarrategi, Paula Amilburu eta Xabi Igoa, aldiz, domekan Izarran. Bada, lehenak soilik ez zuen lortu ekainaren 11n Gasteizko Europa Biltzar Jauregian jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako txartela.
Araiako Andra Mari aretoan jokatu zen zapatuan lehen finalaurrekoa. Arriolabengoaz gain, Oihane Perea, Unai Anda, Maddi Agirre, Asier Otamendi eta Felipe Zelaieta aritu ziren kantuan. Saio puntuagarriak amaituta, Perea izan zen nagusi (354 puntu), eta finalerako zuzenean sailkatzea lortu zuen; bosgarren amaitu zuen Arriolabengoak (323,5 puntu), eta zail zuen ordurako azken saiora heltzea, domekako bertsolari guztiak bere puntu langaren azpitik behar baitzituen horretarako.
Domekako Araiako finalaurrekoan etorri zen, baina, ezustekoa: sei bertsolarietatik bostek zapatuko irabazleak baino puntu gehiago poltsikoratu zituzten. Manex Agirre izan zen garaile (368,50 puntu), zuzenean finalerako txartela eskuratuz. Haren atzetik sailkatu ziren Peru Abarrategi (364 puntu), Xabi Igoa (359 puntu), Iñaki Viñaspre (358,5 puntu) eta Paula Amilburu (354,5 puntu). Hala, puntuazioz sailkatu ziren lau bertsolariak saio honetatik atera ziren.
Sari bikoitza
Ekainaren 11n Gasteizko Europa Biltzar Jauregian jokatuko da finala, 17:30ean hasita. Iñaki Viñaspreri palmaresean erreleboa hartzea izango da sari nagusia; bosgarrena litzateke Perearentzat, hirugarren bakarkakoa Agirrerentzat, bigarrena Viñasprerentzat, eta lehena, aldiz, Abarrategi, Amilburu eta Igoa aramaioarrentzat. Txapela ez da izango, baina, sari bakarra. Izan ere, buruz burukora sailkatzen diren bi bertsolariak udazkenean jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara sailkatuko dira zuzenean.