Orixol elkarteko parte izan direnekin ospatu nahi dute 50. urteurrena

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mai. 27a, 09:52

Urteurren borobila ospatzen dabiltza Orixol Mendizale Elkartean. Mende erdia ez da egunero betetzen, eta, horregatik, ospakizun-ekitaldi bereziak egiten dabiltza aurten. Ekainaren 4a izango da egun nagusia.

Ekitaldi nagusia ekainaren 4an egingo dute, zapatua. Egun osoko egitarauak hasiera emango die aste osoko ospakizunei. Ekainaren 4tik 12ra bitartean, Aramaixoko Mendi Astea ospatuko dute. Elkarteko zuzendaritza hartu duten sei gazteak gogotsu dabiltza prestakizun lanetan. "Orixoleko puntan hasiko dugu eguna. Bere egunean Besaidekoek jarri zuten plaka aldatu eta plaka berria jarriko dugu", azaldu du zuzendaritzako kide Eider Ballinak. Horrez gain, Aitor Ugartek eta Xabi Igoak bertsotan egingo dute Orixoleko puntan, eta hamaiketakoa egongo da.

Argazki erraldoia

Bazkalaurretik, talde argazkia egingo dute plazan: "Orixolen parte izan direnekin egin nahi dugu argazkia. Zuzendaritza ezberdinetako kideei abisatu diegu, euren garaikoei esan diezaieten. Ez dakigu zenbat elkartuko garen". Deialdia egin nahi dute zapatuan jendea urteurrenerako atera duten kamisetarekin joan dadin. Kamiseta erosi nahi duenak mezua idatz dezake orixolme@hotmail.com helbidera. 15:00etan, herri bazkaria egingo dute, plazan. Bazkarirako txartelak 14 eurotan jarri dituzte salgai. Bazkariaren ondoren, Battuere batukadak girotuko ditu herriko kaleak. Zapatuko ospakizunak amaitzeko, musika emanaldiak izango dituzte, plazan: punk-rock azkarra eta zuzena egiten duen Txakurrak taldea eta Sofocaos talde nafarra igoko dira taula gainera. Azken horiek Errealitatearen beste aurpegia lana argitaratu berri dute.

Umeendako tailerra

Domekan, ekainaren 5ean, Basonako kideen eskutik Baso-bainua esperimentazio tailerra egingo dute –zehazteke dago lekua–. Bi taldetan banatuta egingo dituzte ekintzak: 6 eta 10 urte bitartekoak alde batetik eta 11-14 urte bitartekoak bestetik. Txikienek heldu batekin joan beharko dute; nagusiak, aldiz, bakarrik joan daitezke.

Elikadura mendian

Ekainaren 8an, eguaztena, Garazi Abasolo nutrizionista aretxabaletarrak hitzaldia egingo du Sastiñan, 18:30ean. "Oso mendizaleak direnei eta ez hain mendizaleak" direnei zuzenduta egongo da. Elikaduraz eta hidratazioaz jardungo du Abasolok eta kasu praktikoak jarriko ditu adibide moduan.

Musika eta zinema

Eguenean, ekainaren 9an, mendi-pote musikatua egingo dute Danborralden. "Edana eta jana eramango dugu, baita musika generadore bat ere", azaldu du Ballinak. 18:30etik aurrera izango da mendi-pote musikatua. Ekainaren 10ean, aldiz, kale erronken txanda izango da. 19:00etan hasita izango dira erronkak. Herrian zehar poteoa egingo dute eta erronkak egingo dituzte parkean, Añai-Eki inguruan, plazan... Animatzen diren guztiek egin ahal izango dituzte erronkak, bai umeek eta baita helduek ere.

Astea amaituko dute bi ikus-entzunezkorekin. Ekainaren 12an, 18:30ean hasita emango dituzte filmak, kultura etxean. Mendi Film Festivaleko Euskarazko Film Onenaren saria jaso duen Amagana lana emango dute, batetik –Itziar Zabala eskalatzailearekin–; eta Mendiak 1976 filma, bestetik, jaialdiko Mendiko Film Onenaren saria jasotako lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak