Etxean igerileku partikularrak dituztenei –finkoak edo desmuntagarriak– erantzukizunez jokatzeko eskatu die Udal arduradunek. "Herrian gero eta piszina partikular gehiago" daudela azaldu dute; hori horrela, igerilekuak ur-sare publikotik bete behar dituztenei aldez aurretik udaletxean abisua emateko eskatu diete.
Txandak antolatu
Oharraren arabera, egun berean igerileku bat baino gehiago betetzen bada ur zerbitzua bermatzea zailtzen da. "Horregatik, eskatzen dizuegu erantzukizunez jokatzeko eta kontuan izateko gure ur sareak auzuneak hornitzeko eginda daudela eta ez piszina asko". Udaletxean abisua emanda, txandak antolatuko dituzte ur biltegiak kolpean hustu ez daitezen, eta etxeetako zerbitzua bermatzeko.
Debekatuta dago ureztatze-ahoetatik ura hartzea
Horrez gain, nabarmendu dute debekatuta dagoela baimenik gabe ureztatze-ahoetatik ura hartzea: "Horiek sute-egoeretarako dira; denon onurarako diren lanentzako, eta baimen gabe hauek erabiltzea herriari eta herritarroi ura lapurtzea da".
Bide batez, uraren erabilera zaintzeko eskatu dute.