Espainiako txapelketako podiumera igo dira Aramaioko tiratzaileak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mai. 20a, 09:00
Juan Luis Nafarrate Aramaioko plazan.

Espainiako txapeldun izan da Juan Luis Nafarrate, beteranoen kategorian, mini fosa modalitatean.

Espainiako plater tiroketa txapelketa jokatu zuten domekan Nafarroako Santsoain herrian. Aramaioko lau tiratzaile izan ziren han, eta emaitza onekin itzuli ziren: mini fosa modalitatean, beteranoen mailan, Juan Luis Nafarrate txapeldun izan zen; Enrique Ullibarriarana, aldiz, txapeldunorde. Aitor Abarrategi eta Ramon Gonzalez –Aretxabaleta– izan ziren beste bi tiratzaileak.

"Irabaztea oso zaila izaten da, lan ona egitera joan nintzen, eta iaz Enriquek irabazi zuela ikusita, norbait podiumera igotzeko itxaropenarekin joan nintzen", azaldu du Nafarratek. Mini fosa modalitatean lehiatu ziren aramaioarrak: hiru txandatan 75 plater botatzen dituzte modalitate horretan. "Urduri hasi nuen lehia. Lehenengoan, 25etik 23 bota genituen, bai nik eta baita Enriquek ere; bigarrenean, haizeak gogor jotzen zuen arren, 24 bota genituen bakoitzak; eta, hirugarrenean, 25ak lortu nituen nik", adierazi du Nafarratek. Beteranoen maila lortuta, sailkapen orokorra erabakitzeko beste tiraldi bat egin zuten: "Tentsio handiarekin, gaizki aritu nintzen", dio. Orokorrean 8. egin zuen –120 partaide–.

Ullibarriarana, bekarekin

Nafarrate bere kabuz joan zen txapelketara; Ullibarriarana, aldiz, beka batekin. "Irunen jokatutako Euskadiko kopan lortu nuen Espainiakorako beka", esan du Ullibarriaranak. Pozik itzuli zen aramaioarra, laguna den Nafarrateren garaipena ikusita.

Aramaioko tiratzaileek hainbat txapelketa izango dituzte hurrengo egunetan: domekan, Arraten, Euskadiko kopa jokatuko dute; eta maiatzaren 28an eta 29an Valladoliden lehiatuko dira. Eurena zaletasuna dela diote: "Helburua gozatzea izaten da". Kurtzeta Gain plater tiroketa taldean 40 bat bazkide dira, baina txapelketetan ibiltzen direnak 15 bat dira. Gero eta gazte gutxiago daudela diote, penaz.

2021ean, alderantziz izan zen

2021ean ere Aramaiora ekarri zuten Santsoaingo garaikurra.Orduko hartan, Enrique Ullibarriarana izan zen txapeldun beteranoen mailan. Bitxikeria moduan, 2021ean Nafarrate joan zen bekadun eta Ullibarriarana bere kabuz. 2021a urte ona izan zen Ullibarriaranarendako: fosa olinpiar modalitatean Espainiako txapeldun ere izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak