Musika protagonista izango den aste bukaera antolatu dute Gazte Asanbladako kideek. Eguzkierripa rock jaialdiko XIII. edizioak aldaketa txiki batzuk izango ditu: bi egunera zabaldu dute egitaraua; baina, bestalde, zapatuan ez da bazkaririk egongo.
Bihar, barikua, hasiko dira musika emanaldiekin. Hip-hop, rap eta trap doinuak izango dituzte gaur, iluntzean, 22:00etan hasita Bizente Goikoetxea plazan. Gasteizko Do No Shit taldeak rap doinuak ekarriko ditu; ondoren, Aramaioko eta Arrasateko musikarien txanda izango da: Mutiko, Tatta, Denso eta Etxepe izango dira musikariak; eta emanaldia amaitzeko ardura izango dute An2an eta Eteranal disko-jartzaileek.
Zapatuan, ohiko emanaldien txanda izango da Andra Mari ermitaren kanpoaldean. Arrasateko Cristian&Olatz bikoteak formatu akustikoan egingo du emanaldia; ondoren, Broken Legacy, Bordan Bizio, Balarrasa, Saia Goait, The Clayton eta Lukien taldeen txanda izango da. Musika emanaldiak 18:00etan hasiko dira. Antolatzaileek esan dute Andra Mari ermitaren kanpoaldean txosna jarriko dutela, eta, horrez gain, ogitartekoak ere salduko dituztela.