Aramaioko Musika Eskolak, beste zenbait talderen laguntzarekin, Musika Astea antolatu du. Herritarrek musikaz gozatu eta, era berean, herrian egiten diren ekintzak ezagutzeko modua izango da. Aste osorako egitaraua prestatu dute. Herriko taldeek eta kanpotik etorritakoek izango dute lekua egitarauan. Martitzenean, esaterako, Alaiak erretiratuen kantu tailerreko abeslariek ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute Sastiñan. Emanaldia baino lehen, eguneko zentrora egingo dute bisita, eta, emanaldiaren ondoren, kalean zehar ibiliko dira kantu tradizionalekin herria alaitzen.
Musika eskolako ikasleen emanaldia, eguenean
Ikasturtean ikasitakoa erakutsiko dutenak ere musika eskolako ikasleak izango dira. Bakarka eta taldeka igoko dira taula gainera, eguenean, kultura etxean.
Musika estiloak
Askotariko musika estiloek izango dute lekua Musika Astean. Jazz-rock kontzertua emango dute Iruñeko kontserbatorio profesionaleko azken urteko ikasleek, parkean. Alberto Itoitz eta Elisa Peñagarikano musikari profesionalek zeharkako txirula eta MArimba perkusio instrumentu ezezaguna joko dute. Ekiñe Casado arrasatearrak, aldiz, solasaldi musikatua egingo du. Musikarekin lotuta bi film ere emango dituzte: astelehenean eta domekan.
Musika Astea: egitaraua
- Maiatzak 23, astelehena, 19:00etan: Musika zineman, El blues del Teherán filma, kultura etxean.
- Maiatzak 24, martitzena, 18:00etan: Alaiak kantuan, Sastiñan.
- Maiatzak 25, eguaztena, 16:00etan: Ate irekiak Musika Etxean, 17:45era arte.
- Maiatzak 25, eguaztena, 18:00etan: Ekiñe Casadorekin solasaldi musikatua, Sastiñan.
- Maiatzak 26, eguena, 18:00etan: Musika eskolaren emanaldia, kultura etxean.
- Maiatzak 27, barikua, 19:00etan: Jazz-rock kontzertua: Lorena Aisa Quartet, parkean.
- Maiatzak 28, zapatua, 19:00etan: Musika klasikoko kontzertua: zeharkako txirula eta MArimba, kultura etxean.
- Maiatzak 29, domeka, 19:00etan: La familia Belier filma, Ikusiz Gozatu taldearen eskutik, kultura etxean.
Oharra: eguraldi txarra bada, parkeko kontzertua kultura etxean izango da.