2021-2022ko denboraldiko azken partidua jokatuko dute etxean aramaioarrek domekan, 18:00etan. Dinamo Lakuabizkarra taldea izango dute aurrez aurre. Etxean ondo jokatu eta herrikideen aurrean garaipena lortzea izango da aramaioarren asmoa; izan ere, dagoeneko zilarrezko ligako txapeldunak dira eta igoera lortu dute. Igoera lortzearekin "pozik" daudela azaldu du taldeko kide Jon Ander Erizek, eta liga hasieran jarritako helburua bete dutela dio.
Garaikurra eta golegilea
Erizek dio ez dakitela domekan bertan jasoko duten txapeldunaren garaikurra edo Gasteizera joan beharko duten bila. Gainera, domekako aurkaria ligako bigarren sailkatua da: aramaioarrek 52 puntu dituzte eta Lakuabizkarrak, 42 puntu. Liga amaitzeko azkeneko partidua datorren aste bukaeran jokatuko dute, Bitcoin Club Vitoriaren aurka.
Nabarmentzekoa da ligako golegile onena, gaur-gaurkoz, Asier del Campo aramaioarra dela, 34 golekin.