Asteburu oparoa izan da igaro berri dena Arabako bertsozaleentzat, eta hein handi batean, baita aramaioarrentzat ere. Izan ere, herriko lau bertsolari aritu dira kantuan Arabako Bertsolari Txapelketaren XV. edizioko lehen bi final laurdenetan, eta hiruk, gutxienez, finalerdietarako txartela eskuratu dute.
Amilburu, laugarren
Paula Amilburu izan zen taularatzen lehena. Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Maddi Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana eta Ekaitz Samaniegorekin batera, zapatuan Dulantzin egin zuen bertsotan aramaioarrak. Laugarren sailkatu zen Amilburu –230,5 puntu–, Otamendi –242 puntu–, Viñaspre –239 puntu– eta Agirreren –231 puntu– atzetik.
Lehen hiruak Zigoitian
Kutsu aramaioarra izan zuen atzo Zigoitian jokatu zen bigarren final laurdenak; hots, sei bertsolarietatik erdiak debagoiendarrak izan ziren. Manex Agirre, Xabi Igoa eta Peru Abarrategirekin batera, Orlando Arreitunandia, Unai Mendibil eta Markel Yoller aritu ziren Oier Azkarragaren gaiei erantzun nahian. Saioa amaitzean, hiru aramaioarrak izan ziren lehen hiru sailkatuak: Agirre lehenengo –245,5 puntu–, Igoa bigarren –233 puntu–, eta Abarrategi hirugarren –232 puntu–.
Aramaion hirugarren saioa
Hamabi bertsolari igaroko dira finalerdietara. Hala, jada jokatu diren bi final laurdenetako lehen sei sailkatuek ziurtatuta dute txartela; tartean dira Agirre, Igoa eta Abarrategi. Amilburu, aldiz, zapatuan Aramaion bertan jokatuko den hirugarren final laurdenaren esperoan da, hanka eta erdi hurrengo fasean duen arren. Zazpigarrena da sailkapenean, eta aski du maiatzaren 14ko saioko bertsolari batek 230,5 puntu baino gutxiago egitea txartela lortzeko.
Zapatuko saioari dagokionez, final laurdenetako bosgarren aramaioarra igoko da Kultur Etxeko oholtzara: Andere Arriolabengoa. 17:30etatik aurrera, Asier Rubio, Felipe Zelaieta, Manuel Bendala, Oihane Perea eta Unai Andarekin batera ariko da kantuan.