Azken astean euririk egin ez duenez Aramaioko zirkuitua ohi baino azkarragoa izan da gaur, nahiz eta malda gogorrek segituan jarri duten ziklista bakoitza bere tokian. Ez da ibilbide bereziki teknikoa, eta egutegiko lehenengo lasterketara indartsu iritsi direnak ondo gailendu dira. Hala, elite mailan lasterketa beste urte batzuetan baino lasaiago hasi duen Iker Eskibelek beste batzuetan ez moduan gozatu du gaur. "Lasterketa hau mimoz prestatu izan dut, baina gero bertara etorri eta presioa... Beti izaten nuen zerbait, erokikoak... Gaur, kontrara, jakinda beste batzuetan baino gutxiago entrenatu naizela lasai etorri naiz, gozatzera, eta sorpresa izan da aurrealdeko borrokan ibiltzea", adierazi du helmugan Oreka Cycling taldeko ordezkariak.
Izan ere, lasterketako lehenengo itzulietan iazko Openeko irabazle eta gaurko faborito Josu Torresek (Saltoki-Conor Berrianz) aurrea hartu du, eta nahiz eta zirkuituan batutako jendetzak Eskibel gogor animatzen zuen, bazirudien Torresek lortutako 50 segundo ingurutako abantaila gainditu ezina zela. Eta azken itzulian etorri da ezustekoa, ziklista nafarrak ondoan ikusi duelako Eskoriatzakoa. "Ez nuen espero, egia esan. Lasterketa hasieran tartea egitea erabaki dut, eta sorpresa izan da Iker hor ikustea", adierazi dio GOIENAri Torresek. Baina, ahalegin horretan erre du Eskoriatzakoak azken kartutxoa, eta azken itzulian Torres gehiago izan da, eta 22 segundotako abantailarekin helmugaratu da nafarra. Hirugarren, berriz, 23 urtez azpiko kategoriako Dario Silvestre (SH Metalgraf) izan da, Eskibelengandik hiru minutura.
Suarez, jaun eta jabe
Emakumezkoetan, iaz arte Laboral Kutxako errepideko taldean lehiatzen ibili den Paula Suarezek (Oreka Cycling) ez du halako estuasunik pasa, bigarren sailkatu den Ainara Elbustori (Saltoki-Conor) bi minutu eta erdiko tartea atera diolako: "Lokatzetan gustura ibiltzen naiz, eta azken astean euria egin ez duenez zirkuitua oso siku zegoen nire gusturako. Hala, Aramaion malda ederrak daude, eta gogotik sufrituta iritsi naiz helmugara. Baina, oso pozik nago egindako lasterketarekin". Hala, hirugarren sailkatu den Nahia Polok (OTXE JRG-Urkia) beste hiru segundo behar izan ditu helmugara iristeko.
Guztira kategoria ezberdinetako 160 txirrindulari inguru batu dira irteera puntuan, hemen dituzue sailkapen guztiak.