Dena prest dauka Orixol Mendizale Elkarteak zapatu goizean, hilak 7, jokatuko den XCO Euskal Kopako proba puntuagarrirako. Aurten, Martin Arriolabengoak Ander Bengoari pasa dio lasterketa antolatzearen ardura nagusia, "belaunaldi aldaketa egiteko beharragatik". Nolanahi ere, Bengoak adierazi du mendiko lasterketa antolatzen aritu ohi direnek hutsik egin gabe lagundu dutela aurten ere: "Bospasei lagun ibili gara bost kilometroko ibilbidea garbitzen eta markatzen; di-da batean egin dugu denon artean".
Maila handiagoa, "ziur"
Federatuentzat garaiotan hasten den mendi bizikleten txapelketak aldaketak jasan ditu aurten, Bengoaren esanetan, "onerako". Antolatzaile berriak sartu izanari egozten dio horren arrazoia: "Araudia aldatu dute, kalitatezko ziklistak erakartzeko. Azken urteetan lehiakide onenek beste lasterketa batzuetara joateko hautua egin dute, baina biharkoan esango nuke lasterketa ederraz gozatu ahalko dugula". Bailarako ordezkaritzagatik galdetuta, aipatu du Iker Eskibel, Viejo anaiak, Liher Unzueta, Jon Ander Gereta eta Julen Ibabe joatekoak direla, besteak beste. Eta publikoaren aldetik ere espero du jendetza agertzea Azkoaga eta Barajuen arteko mendi-bideetan: "Eguraldi ona dago iragarrita, beraz, ziur gaude txirrindulariek animo piloa jasoko dituztela ikusleengandik".
Aurten 15. aldia izango du Aramaioko BTT sari nagusiak. Guztira hamasei kategoriatako txirrindulariek hartuko dute parte. Gazteenak kadete mailakoak izan dira; zaharrenak, berriz, Master 60 mailakoak.
Aurtengo egutegia
XCO Irekiko probak:
• Maiatzaren 29an, Oiartzunen.
• Ekainaren 4an, Ordizian.
• Ekainaren 12an, Irunberrin.
• Ekainaren 19an, Barakaldon.
• Uztailaren 3an, Izkuen.
DH Irekiko probak:
• Ekainaren 5ean, Larreinetan.
• Uztailaren 9an, Antzuolan.
XCM Txapelketa:
• Urriaren 2an, Barakaldon.