Oletarren bilgune den Herriko Taberna berriro ere zabaltzeko gogoz daude

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko api. 29a, 09:36

Oletako Herriko Tabernaren kudeaketaren esleipena egin nahi dute.

Oletako Herriko Tabernaren kudeaketaren esleipena egin nahi du Oletako Kontzejuak. Tzaitel Aldasoro, lehendakaria: "Pertsona bat edo batzuk behar ditugu taberna eramateko; izan ere, auzotarren bilgunea da". ALHAOn argitaratuko dute hurrengo egunetan albistea; behin argitaratuta, 22 egun egongo dira proiektuak aurkezteko. Interesatuek deitu: 658 64 82 44 telefono zenbakira.

Esleipeneko baldintzak izango dira: "Eskatzen duguna da alokairua, 400 eurokoa; horrez gain, baloratuko dugu taberna aurrera eramateko aurkeztutako proiektua, esperientzia eta euskara. Gai ekonomikoa ere badago: alokairua 400 eurotan hasten da, eta prezio horretatik hasita alokairua ze kantitatetara igoko duen izango da puntu hori. Herriak puntu hori ez du baloratuko; bai beste hirurak".

Martxo amaieran itxi zituen ateak tabernak, eta ordutik topaleku barik geratu da auzoa.

Biltzeko gunea

"Ulertu behar dugu taberna dela herritarrendako bilgunea", dio Aldasorok. Hori horrela, bilgune barik egotearen eragina azaldu du: " Edozein momentutan jendea dago tabernan, bai oletarrak eta baita kanpotarrak ere. Horrek sorten du nolabaiteko animoa; ez baldin badago tabernarik, animo puntu hori
ere ez dago". Taberna itxita egotea gehitu behar zaio azkeneko bi urteetan bizi izandakoari: "Batez ere, jende nagusia geratu da etxean; azkenaldian, paseatzera eta yoga edo pintura egitera irten dira. Baina betidanik egin izan den karta-jokoa tabernan, adibidez, galdu egin dute azken urteetan. Zain gaude ea berrio ere hartzen dugun erritmo hori". Nabarmendu behar da Oleta Urkiolako parke naturalerako sarbideetako bat dela; horrek eragiten du mendizale eta bisitari asko izatea. Horrez gain, Aldasorok dio aramaioarren eta otxandiarren bilgunea ere badela.

Kontzejua izatea

Aramaioko gainerako auzoekin alderatuta, Oletak badu ezberdintasun bat: "Badugu independentzia puntu bat. Hala ere, ez gara kontzejua %100ean. Hauteskundeak izaten ditugu, eta hortik irteten dira kontzejua osatuko duten hiru kideak". 2021eko azaroan egindako hauteskundeetan, Tzaitel Aldasoro, Lander Olazabalaga eta Maitane Beristain izan ziren aukeratuak. Oletan zenbat bizi diren galdetuta, Aldasorok dio 93 bizilagunek dutela boto eskubidea; eta azkenaldian ume asko jaio direla: "10 urtetik beherako hamabost bat ume ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak