Barikuan hasi zuten Arabako Bertsolari Txapelketa; lehenengo hiru final-zortzirenak jokatuta, dagoeneko final-laurdenetarako txartela lortu dute Manex Agirrek eta Andere Arriolabengoak. Bi bertsolari aramaioar horiek zuzenean lortu dute final-laurdenetarako txartela, euren saioak irabazita. Agirrek bigarren saioa irabazi zuen, 185 punturekin; eta Arriolabengoak hirugarrena, 192,5 punturekin.
Beste bi saio
Lehenengo fasea bukatzeko beste bi saio geratzen dira: gaur, barikua, Legution jokatuko dute laugarren saioa, 20:00etan. Bihar, zapatua, Langraitzen jokatuko dute azken final-zortzirena, 17:30ean hasita. Parte hartuko duten sei bertsolarien artean Peru Abarrategi aramaioarra egongo da.
Final-zortzirenetako irabazleak zuzenean pasako dira hurrengo fasera. Gainontzeko bertsolariak puntuazioaren hurrenkeraren arabera pasako dira.
Aramaioko saioa
Final-laurdenak Dulantzin, Zigoitian eta Aramaion izango dira. Manex Agirrek Dulantziko final-laurdenekoan abestuko du, maiatzaren 8an; eta Andere Arriolabengoak Aramaiokoan, maiatzaren 14an, 17:30ean. Orain arte jokatutako saioetako emaitzak kontuan hartuta, ondoko puntuazioak lortu dituzte Aramaioko bertsolariek: Paula Amilburuk 190,5 puntu ditu; Xabi Igoak 191 puntu ditu; Aitor Ugartek 168 puntu ditu; eta Danel Herrartek 174 puntu lortu ditu.
Final-laurden bakoitzean sei bertsolari ibiliko dira kantuan, euren onena ematen