Umore asteburua egingo dute martxoaren 18an, 19an eta 20an

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mar. 11a, 13:00

Argazkia: ttipia.eus

Umorez betetako asteburua antolatu dute Aramaion, martxoaren 18rako, 19rako eta 20rako. AlgAramaio jaialdia egingo dute, barrez lehertzeko ekitaldi sorta.

Iaz hasi ziren umore asteburuarekin. "Pandemia egoeraren ostean, zerbait egin behar zela erabaki genuen. Zerbait berezia nahi genuen, jendeari barre eragingo ziona", azaldu du kultura teknikari den Itxaso Aspiazuk.

Iaz egindako ekimenak arrakasta izan zuela ikusita, eta herritarrek erantzun ona eman zutela ikusita, aurten berriro ere umore jardunaldiei eustea erabaki dute. Formatu eta izaera bera izango du aste bukaerak; aldatuko den bakarra izena izango da: "Iaz Umore Asteburua izan zena, aurten AlgAramaio izango da".

Hiru ikuskizun antolatu dituzte: martxoaren 18an, barikua, Ind-Jones umeendako dantzaldia egingo dute, 17:30ean, kiroldegian. Hain zuzen, Gabon jaietarako programatuta zegoen dantzaldia baina egoerak behartuta atzeratu egin zuten. 

Heldu zein familia

Martxoaren 19an, zapatua, helduendako Me too antzezlana egingo dute. Aitor Gabilondoren zuzendaritzapean Ainhoa Aierbe eta Tessa Andonegi aktore ezagunak igoko dira taula gainera. Feminismoa izango da antzezlanaren ardatza: feminismoaren inguruko kontzeptu, berba eta gauzen inguruan jardungo dute. "Kaos informatibo" horren aurrean Aierbek eta Andonegik argibideak bilatuko dituzte, bizitzea tokatu zaien "garai zoragarri" horri buruz. Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira entradium.com atarian.

Domekan, martxoaren 20an, familiendako Txus & Txu antzezlana egingo dute. Antzezlan dibertigarria, hurbila, keinu bidezkoa... izango da, 55 minutu inguru iraungo duena. Trokolo teatro taldeko Aintzane Baleztena eta Ramon Marco izango dira aktoreak. 

Dirua Aita Mari proiekturako

Ikuskizunetako sarrerekin lortutako dirua Aita Mari proiektura bideratuko da. Barikuko haurren dantzaldia doan izango da. Zapatuko antzezlaneko sarreraren prezioa 5 euro izango da; eta, domekako antzezlanarena 2 euro. Sarrerak online erosi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak